IRUZURREZKO TITULU ETA ZIURTAGIRI “AKADEMIKOAK”

Egun, estatuko hamaika enpresak urrutiko ikastaroak iragartzen dituzte milaka euroren truke, zeinak praktikan ez datoz bat hitzemandakoarekin. Adituek diote jendeak Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen defentsarako legearen gainean duen ezezagutzaz baliatzen direla konpainiek, ikasleak kontratu-konpromisopean atxikiturik.

Enplegu edo bestelako helburuak bilatzearekin batera, zenbaitetan, lanpostu bat betetzeko gai garela prestakunhtza edo titulu espezifikoa izatea eskatzen digute berme gisa. Hori dela eta, normalean, sarera jotzen dugu gure beharretara egokitzen diren ikastaroak topatzeko. Hura kontratatzeko akademia batekin harremanetan jartzean, arduradunak campus birtuala izango dugula esaten digu, zalantzak argitzeko tutorea, edo azterketak egiteko eta azken proiektuak aurkezteko eskubidea, bai eta ziurtagiria jasotzekoa. Are gehiago, praktika-hitzarmen bat hartzen dute barne, eta lan-kontratua izateko aukera anitzak. Ilusioz, kontratua sinatu eta behin izen-ematea gauzatuta, lehen epea ordaintzen dugu, horiek askotan ikasleei ezkutatzen zaizkien banku-kredituei lotuta egoten direlarik.

Prestakuntza hasi orduko, ordea, askok iruzur batean murgildurik daudela ohartzen dira, gaizki prestatutako materialak edo zaharkituak eskainita, ikastaroarekin berez zerikusi eskasa dutenak alegia. Baldintzak betetzen ez dituzten online tutoretza eta campusak, edukia diapositibak eta saretik eskuratutako bideo labur eta garrantzirik gabeak izanda.

Baja ematea erabakitzen dugu orduan, baina akademiara deitzean edo webgunearen bidez harremanetan jartzen garela, kontratu bat sinatuta dagoela esaten digute eta ezin dela bertan behera utzi. Era horretan, ikasleak behartuta ikusten du bere burua kuotak ordaintzen jarraitzera. Bistan da, erabateko desengainua. Gazteen artean gertatzen da hau, baina adinekoen artean ere bai.

Nola salatu halako abusuak?

Zentroarekin akordio bat lortuz gero, edo hura arbitrajean bada, bideragarriagoa izango da irtenbidea. Bestela, hona kontuan hartu beharreko alderdi eta urratsak:

  • Akademiari erreklamazioa egin izanaren egiaztagiriak gordetzea.
  • Akademiari frogatzeko moduan jakinaraztea (burofax bitartez) kontratuaren ezereztea eta horren arrazoiak, dela zentroak gauzatutako ez-betetzeren batengatik, dela egiaztatu daitezkeen beste arrazoiengatik.
  • Ikastaroa finantzatu ez badugu eta guztiz ordaindu badugu, zuzenean salatu beharko dugu kontsumo bulegoetan edo EKA/ACUV gisako elkarteetan.
  • Ikastaroa finantzatu badugu eta finantzaketa jardun duena prestakuntza-zentroak proposatutako entitatea bada, kontratuaren ezereztea jakinarazi beharko diogu entitateari berari, lotutako kredituen kopia bat bidalita.
  • Ikastaroa bankuaren bitartez finantzatu badugu baina ez zentroak proposatutako entitatearekin, orduan kreditu edo mailegua ordaintzen jarraitzea baino ez dugu izango.
  • Azken urratsak beti izango dira zentroa salatzea eta baloratzea ziurtagiriagatik ordaindutako zenbatekoa nahikoa den bide judiziala baliatzeko. Defentsa juridikoaren asegurua izanez gero, bide hori erabili dezakegu erreklamazioa izapidetzeko.

Eskura izan dokumentazio guztia: aurreakordioak, publizitate mota oro, ordainagiriak, fakturak, eta aurreikusitako baldintzetan prestakuntza emateko idatzizko konpromisoa frogatzen duen beste edozein agiria

Utzi iruzkina