KONTSUMOBIDEK 2018AN EGIN ZUEN JARDUNAREN BALANTZEA AURKEZTU DU: ERREKLAMAZIOAK, BITARTEKARITZA, PRESTAKUNTZA, MERKATUKO KONTROLA…

Alfredo Retortillo sailburuak: “Kontsumitzaileak gero eta protagonismo handiagoa du eta eraiki nahi duen munduaz jabetu behar du kontsumo arduratsu baten bitartez”.

-Kontsumobidek garrantzizko bultzada eman dio bitartekaritza-lanari. 500 enpresa baino gehiago daude Kontsumoko Arbitraje Sistemari atxikiak.
-Erreklamazioen ia %40 daude lotuta Internet bidez eskuratutako produktuekin edo zerbitzuekin.
-Telekomunikazioek jarraitzen dute izaten erreklamazio gehien jasotzen diren sektorea.

Retortillok adierazi duenez, erronka global berriei aurre egiten ari gara teknologia berrien inpaktua, kontsumoko modu eta produktu berriak, eta abar. Eta horri gehitu egin behar zaio kontsumitzaileen zeregin nagusia, nola eta nondik kontsumitu aukeratu dezaketela kontuan hartuta.

Horregatik, gogora ekarri du Retortillok, “funtsezko zeregina betetzen du kontsumo arduratsuari buruzko kontzientziak: kontsumo arduratsua egiteko beharrezkoa da kontsumitzaileok gure eskubideak eta betebeharrak ezagutzea, baita horiek erabiltzeko modua ere, baina jabetu egin behar dugu gainera kontsumitzeko dugun moduak erabakitzen duela eraiki nahi dugun mundua”.

Erreklamazioei erantzuteko Kontsumobidek azkenaldi honetan aurrera eramandako ekintzen adibide batzuk jarri ditu sailburuak, esaterako, Barakaldoko hortz-klinika ixtea edo etxez etxeko salmentena, iruzurrezko ur-iragazkiena, besteak beste. “Horrekin erakutsi nahi dugu Kontsumobidek betetzen duen beharrezko lana, pertsonengandik gertu egotea, produktuekin eta zerbitzuekin izaten dituzten intzidentziek konponbide on bat izateko kontsumitzaileen tresna eta gida izatea, gure bizitzako esfera guztietan dutelako eragina, ez bakarrik esfera ekonomikoan”.

KONTSUMOBIDEREN LANAREN BALANTZEA

2018an 24.130 erreklamazio tramitatu ziren kontsumo-bulegoen bitartez: 10.563 Kontsumobideren bidez, 12.127 Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoetatik (KIUB) eta 1.440 kontsumitzaileen elkarteetatik. Kontsumobideren kasuan %20,5 gehitu dira 2017aren aldean.

Telekomunikazioek jarraitzen dute izaten sektore erreklamatuena, guztizkoaren %30,1ekin. Gainera, nabarmen gehitu da sektore horretan, 2017an baino 2.000 erreklamazio gehiagorekin. Hornikuntza-zerbitzuak (energia, ura eta abar) bigarren postuan daude (%9,62), eta atzetik etxetresna elektrikoei, informatikari eta ikus-entzunezkoei lotutakoak (%7,56). Izan ere, hiru sektore horiek erreklamazio guztien ia erdia metatzen dute (%47).

Nora Abete Kontsumobideko zuzendariak nabarmendu duenez, “Kontsumobidetik egin dugun ahalegina herritarrei beren erreklamazioak guri helarazteko bide gehiago emateko: aurkezpen telematikoa bikoiztu egin da aurreko urtearen aldean (575 erreklamazio)”.

Gainera, azaldu du zuzendariak, Kontsumobidek apustu egiten jarraitzen du kontsumoko gatazkak epaiketaz kanpo konpontzearen alde, eta horretarako bultzatzen ditu bitartekaritza-lana eta Kontsumoko Arbitraje Sistema, irmotzen jarraitzen doana. Urtero, gero eta gehiago dira atxikitako euskal enpresak, profesionalak eta saltokiak”. 2018an, 1.446 enpresa berrik onartu zuten atxikitzea arbitraje-sistemari. Eta, 2018ko abenduaren 31n, guztira 15.567 dira Kontsumoko Arbitraje Sistemari atxikitako enpresak.

“Gainera, garrantzizkoa da azpimarratzea jasotako erreklamazioen %39,36 urruneko erosketei edo Internet bidez egindakoei dagozkiela” jarraitu du esanez Nora Abetek. Zifra nabarmena da hori 2017koaren aldean, eta argi eta garbi erakusten du online erosteko gero eta joera handiagoa.

Prestakuntzari dagokionez, 77.202 pertsonak baino gehiagok parte hartu zuten prestakuntza-ikastaroetan, joan den urtean Kontsumobidek antolatutakoetan. Zehazki, 20.849 pertsonak Kontsumobideko prestakuntza-zentroetan, 2.067 prestakuntza-tailer baino gehiagotan. 53.968 ikaslek, zegozkien irakasleekin, egin zituzten ikastaroak ikastetxeetan, eta 2.306 pertsonak parte hartu zuten adinekoei zuzendutako programan.

Merkatuko kontrolari dagokionez, 8 ikuskaritza-kanpaina propio egin dira, beste Autonomia Erkidego batzuekin, EBrekin eta AEBekin koordinatuta.

-Mozorroak 14 urtetik beherakoentzat: etiketak eta segurtasuna.

-Moldeko ogiak: etiketak eta osagaiak.

-Prezioen eta erreklamazio-orrien kontrola ostalaritzan.

-Ikuskaritza eta kontrola atun-kontserben merkatuan.

-Etiketen kontrola arrain freskoetan.

-Komisioa posizio zordunengatik hipoteka-maileguetan.

-Internet bidezko produktuen erosketa.

-Europa-AEB baterako kanpaina (Gabonak 2018).

2018-Kontsumobide-memoria

Utzi iruzkina