JOSTAILUAK: ETIKETA, OHARRAK ETA GOMENDIOAK

Jostailuak dira 14 urtetik beherakoek jolasteko esklusiboki edo ez diseinatutako produktuak eta segurtasun eta etiketa-arau zorrotzak bete behar dituzte. Bideojokoak ez dira jostailutzat jotzen, jostailuen segurtasunari buruzko 1205/2011 Errege Dekretuak arautzen duen arabera. Dena den, bideojokoek ere izaten dute etiketa bat, non produktuak zer eduki duen eta bideojokoan aritzeko gutxienez zenbat urte izan behar diren azaltzen den.

ETIKETA. Jostailuen etiketek azaldu behar dute:

-Produktuaren eta fabrikatzailearen edo inportazio-enpresaren identifikazioa.

-CE marka. Marka horrek adierazten du jostailuak betetzen dituela Europar Batasunak ezarritako segurtasun-betekizunak. CE marka ikusteko moduan agertu behar da, horretarako jostailua erosi beharrik izan gabe, eta ezabaezina eta gutxienez 5 mm-ko garaiera izan behar du.

OHARRAK. Jostailu guztiek erabilpenerako gutxieneko adina azaldu behar dute, eta batzuk, erabiltzeko eta litezkeen arriskuei buruzko ohartarazpenak.

-Elektrikoki funtzionatzen duten jostailuek gehienezko potentzia, zer elikatze-tentsio behar duten eta zenbat energia kontsumitzen duten azaldu behar dute.

-Jostailu kimikoek 10 urtetik gorako neska-mutilentzat direla adierazi behar dute, eta, halaber, ohartarazi substantzia arriskutsuak dituztela.

-Uretako jostailuek neska-mutila zutik egoteko gai denean eta pertsona heldu baten begiradapean dagoenean bakarrik erabili behar direla uretan adierazi behar dute. Produktu puzgarriek, flotagailuak ez badira, ezin direla flotagailu bezala erabili adierazi behar dute.

-Kometek eta jostailu hegalariek linea elektrikoetatik gertu ezin dela horiekin jolastu adierazi behar dute.

-Babes-ekipoak direla diruditen jostailuek (kaskoak, betaurrekoak, maskarak…) istripuen aurrean ez dutela babesten adierazi behar dute.

-Irristailu eta patineteek babes-ekipo egokia jantzita erabili behar direla adierazi behar dute.

GOMENDIOAK

-Informa gaitezen jostailua erosi baino lehen, gerora arazorik ez izateko. Gogora dezagun etiketa dela informazio jasotzeko elementu garrantzitsuena. Komeni da gomendio orokor hauek kontuan izatea:

-Irakurri beti jostailuaren erabilera-jarraibideak eta etiketak.

-Egiaztatu CE marka baduen, horrek adierazten baitu jostailuak betetzen dituela segurtasun-arau guztiak.

-Etiketa aurkitzen ez bada, ondo itsatsita ez egoteagatik edo norbaitek kendu izateagatik, komeni da beste produktu berdin batzuek baduten ikustea, eta etiketa duen bat erostea.

-Etiketa bat ondo irakurri ezin bada edo zer dioen ulertzen ez baduda, galdetu establezimenduan.

-Gorde etiketa produktuaren bizi-ziklo osoan, baliteke eta erosi ondoren behar izatea. Gorde, halaber, ordainagiriak eta produktuarekin erlazionatutako beste edozein agiri, hala nola publizitate-liburuxkak.

-Erosi, dibertitzeaz gain, ikasteko eta balioak geureganatzeko balio duten jostailuak.

-Errefusatu jostailu belikoak eta sexistak.

Informazio gehiago jostailu eta bideojokoei buruz (segurtasunari erreparatuz batez ere):

Gabonak hurbiltzen dira. Jostailuen segurtasuna zaintzeko aholkuak eta bideojokoen edukinak eta gomendatutako adinak zehazten dituzten PEGI deskriptoreen azalpena

Utzi iruzkina