Plastikoaren erabilpena murrizteko aholkuak
Plastiko-kantitate izugarria kontsumitzen dugu, oso gutxi birziklatzen dugu eta plastikoz galkatzen ari gara natura, batez ere itxasoak, non kate trofikoan sartzen ari da eta faunan gero eta hiltze gehiago eragiten ari da. Horrez gain, gure eguneroko bizitzan nonahikoa, plastikoa gure osasunarentzat ere arriskutsua izan daiteke. Plastikoaren erabilpena murrizten saiatzeko aholku eta iradokizun batzuk eskaintzen ditugu jarraian.
-Plastikozko poltsen ordez, gai biodegradagarrizko eta berrerabilgarrizko poltsak, saskiak edo orgak erabil itzazu.
-Etxetik kanpo zaudenean, ez erabili plastikozko plater, edalontzi eta mahai-tresnarik; hobe zureak, metalezkoak, eramaten badituzu.
-Eramateko janaria edo edaria erosten baduzu, eskatu plastikozko ontzietan ez emateko, edo eraman lehenago zure ontzi berrerabilgarriak.
-Erosi ontziratu gabeko janaria eta bilgarriak ekiditen saiatu. Eraman itzazu dendara zure ontziak. Granelean erostea merkeago ateratzen da, benetan behar duzun kopurua hartzea errazten dizu eta gainera kalitatea hobeagoa da.
-Janaria plastikozko taperretan gordetzeak edota horietan berotzeak toxikotasuna sor dezake, plastikoak gai toxikoak askatzen baitutu berotzen denean. Hobe beirazko edo altzairu herdoilgaitzazko ontziak janaria gordetzeko edo berotzeko.
-Ez erabili plastikozko mikroesferak dituzten kosmetikoak (polietileno, polipropileno, nylon…). Produktu esfoliatzaileetan egoten dira batez ere. Haren ordez, buztina, fruitu lehorren oskolak edo haziak daramatzaten kosmetikoak aukeratu.
-Ur botilaratuaren ordez, txorrotako ura edan ezazu. Bizi zaren tokiko txorrotako ura ona ez bada, iragazki bat erosi. Diru dezente aurreztuko duzu.
-“Brik” motako ontziek, batez ere plastikozko tapoidunek, edariarekin kontaktuan dagoen polietilenozko geruza dute barrualdean; saia zaitez esne freskua itzultzeko ontzietan eskuratzen.
-Janari lataratua jatea ere ez da oso gomendagarria, laten barnealdeak bisfenol A edota beste gai kaltegarriak eduki ditzaken plastikozko estaltze bat duelako.
-Ez jarri zure haurtxoa plastikoarekin kontaktuan; ez erabili plastikozko biberoirik.
-Ekidin plastikozko jostailuak ere, batez ere plastiko bigun eta usai gogorrezkoak.
-Ez erabili plastikozko bizar-aitzurrak. Hobe elektrikoak edo xafla ordezkagarriko metalezkoak, osasuntsuagoak izateaz gain merkeago ere ateratzen direnak.
-Erraza ez bada ere, plastikozko ontzietan dauden eta mikroplastikoak dituzten higiene pertsonaleko produktuen ordezkoak lortzen saia zaitez. Hortzetako eskuila elektrikoak eta zurezkoak badaude, eta hortzetako pasta pastillatan ere bai.
-Baztertu plastikoan ontziratutako garbitasun produktuak. Bikarbonatoa, xaboia, ozpina, olio esentzialak… oso aukera baliagarria izan ohi dira etxea eta arropa garbi edukitzeko guri eta naturari kalterik eragin gabe.
-Erretzen baduzu, metalezko metxero berriz kargatzekoekin dirua aurreztuko duzu.
-Plastikoaren kontsumoa gehiago murriztea ezinezkoa bazaizu, ahal duzun gehien berrerabili plastikozko produktuak eta botatzerakoan gogoratu dagokien ontzian utzi behar direla.
-Parte hartu edo laguntza eman plastikoaren inbasioaren aurka natura babestea gobernuei exijitzen dieten kanpainetan.