KONTSULTA “ARRISKU-JARDUERA” BATEAN ISTRIPU BAT IZATEAN KALTE-ORDAINA JASOTZEKO ESKUBIDEARI BURUZ

Izotz pista batean erori egin naiz eta eskuineko belauna apurtu zait. Instalazioari kalte-ordain bat eskatzeko eskubiderik daukat? Patinaje-pistak edukiko duen aseguruak jaso ditudan kalteak estaliko dizkit?

Publikoari irekitako aisialdiko, merkataritzako, kirola egiteko toki eta gune guztiak (dendak, ostatuak, polikiroldegiak, diskotekak, gimnasioak, zinemak, supermerkatuak…) erantzukizun zibileko asegurua edukitzera behartuta daude. Aseguru horrek establezimenduaren zabarkeriaz bezeroi edo erabiltzaileei gerta dakizkien lesioak estali behar ditu, instalazioek dituzten gabeziengatik, haien hutsegiteen ondorioz edo egoera txarrean dauden elementuek eragin dituztenean kalteak. Izotz gaineko patinajeko pista batean istripu baten errua edo zabarkeria izan daitezke, adibidez, gainazala gaizki egotea, bertan alokatutako patinek akatsak edukitzea, izotza aldian behin leuntzen duen makinak bere lana amaitu baino lenen irristatzaileei pista irekitzea… Baina era horretako edo antzeko baldintzarik ematen edo gertatzen ez badira, beti ere istripua edo kaltea instalazioaren erruz izan dela argi eta garbi frogatzerik ez badago, aseguruak nekez hartuko du bere gain eroriko “normal” bat, berez erabiltzailea arriskutsu samarra den jarduera bat egiten ari denean, izotzea irristatzea alegia. Espainiar Estatuan bada horrelaxe azaltzen eta ebazten duen jurisprudentzia eta badira zehazki onartu ez diren izotz gaineko patinajeko pisten aurkako salaketa judizialak (eroriko “normalengatik” aurkeztuak) eta erabiltzaile auzi-jartzaileek galdutako epaiketak ere bai. Edonola ere, azaltzen duzun kasuan gomendagarria da pistako arduradunekin ahalik eta lasterren harremanetan jar zaitezela, nola erori zinen azaldu, zer nolako kalteak izan dituzun adierazi… eta aseguru normala ez bada, ea estaldura gehiago ematen duen asegurutik baduten galdetu (azken hau normalagoa izaten da jabetza publikoko instalazioetan). Bestalde, zuk etxeko asegurua baduzu irakur itzazu poliza eta estaldurak, etxeko aseguru askok erantzun egiten bait diete etxetik kanpo gertatzen diren ezbeharrei: kolpeak, erorikoak, ibilgailuren batek harrapatzea, lapurreta, eta abar.

Utzi iruzkina