Ezerre programak erretzeari uzteko tratamenduen eraginkortasuna laukoiztu du

Maiatzak 31: Tabakorik Gabeko Eguna / Farmazia, osasun publikoko eragile aktiboa

UPV/EHU-k 2017ko maiatzaren 29an zabaldutao prentsa-oharra

UPV/EHUko doktore Juan Uriarte Garcia-Borreguerok farmaziek komunitatearen osasunean duten eragina aztertu du.

Gaixotasun kronikoak tratatzeko programen arrakastan eta atxikiduran farmaziek duten eragina aztertu du UPV/EHUko doktore Juan Uriarte Garcia-Borreguerok. Zehazki, erretzeari uzteko tratamenduetan farmaziek jokatzen duten papera ikertu du, ikerlan honetarako berariaz diseinaturiko Ezerre programaren bitartez. Honela, urtebete igaro eta gero erre gabe jarraitzen dutenen kopurua laukoiztu egin da, programa aktiboki aplikatu den inguruan.

Munduko Osasun Erakundearen (MOE) arabera, 1.3000 milioi erretzaile daude munduan eta ehun mila adingabek erretzeari ekiten diote egunero (% 80a garapen-bidean dauden herrialdetan). Tabakoak 6 milioi pertsona hiltzen ditu zuzenean, urtean; horietako 600.000 kea jasaten duten pertsona ez erretzaileak dira. 2014. urtean 5,8 bilioi zigarro erre ziren mundu osoan. Zigarro bakoitzak hamabost minutu kentzen dizkio norberaren bizitzari. Tabako kontsumoa eta mendekotasuna gainditzea munduko osasun publikoak duen arazorik larrienetako bat da.

Juan Uriarte ikertzaileak farmazia bulegotan aplikaturiko farmakologia-tratamenduen ikuspuntutik aztertu du arazoa; bareniklinaren (erretzeari uzteko sendagaia) erabileraren bitartez hain zuzen ere. Honela, Ezerre programa diseinatu du zeinak, aldi berean, tratamendua hasten dutenek aipatua utz ez dezaten farmaziek duten eragina ebaluatu duen. Ikerketa hori ‘Influencia de la farmacia comunitaria en la mejora al tratamiento con vareniclina’ izeneko tesiaren baitan garatu da.

28 farmaziak eta erretzeari uztea erabaki zuten 71 pertsonak parte hartu zuten ikerketan. Tratamendua hasi zuten pertsonak bi taldetan banatuak izan ziren, ausaz: kontrolerako talde bat (34 pertsona) eta esku-hartzeko beste bat (37 pertsona). Farmazia guztiek oinarrizko materiala jaso zuten (datu orokorren, motibazioaren, bizi-kalitatearen eta nikotinarekiko mendekotasunaren inguruko bost galdetegi); esku-hartzeko taldearen 14 farmazia bulegoek, gainera, Ezerre programa indarrean egon zen 52 astetan zehar erabili ziren tresna berezi ezberdinak jaso zituzten ere.

Hasieran, astera, hilabetera, hiru hilabetera eta urtebetera egindako bost ereduez gain, tratamendua hasi zuten pertsonen jarraipena eta kontrola egin zuten farmaziek; honela, mendekotasuna gainditzeko prozesuan zehar gidatu eta babestu zituzten. Farmaziek, halaber, ondoko erreminta bereziak izan zituzten beren esku: erretzeari uzteko gomendioak batzen dituen gida, bareniklinaren aurkako balizko erreakzioei aurre egiteko osasun hezkuntzako neurrien glosario bat, algoritmoak eta taulak botika emateko, eta mendekotasunaren gainditze psikologikoa indartzeko jarrera neurri ezberdinak.

Ondorioak

Bareniklinaren atxikidura farmako-terapeutikoaren inguruko aurreko ikerketen arabera, 52 aste igaro eta gero tratamendua hasi zutenen % 22ak aipatuarekin jarraitzen du. Portzentaje horiek gora egiten dute Ezerre programarekin konbinatuz: atxikidura % 32,43raino igo zen esku-hartzeko taldean.

ontrolerako taldean, ordea, tratamendua utzi zutenen tasa askoz ere altuagoa izan zen; izan ere, urtebete igaro eta gero, pazienteen % 8,82ak baino ez zuen erre gabe jarraitzen. Hau da, arrakasta maila lau aldiz handiagoa izan zen Ezerre programaren baitan diseinaturiko erremintak zituzten farmaziek artatu zuten taldeko pertsonen artean.

Tesiaren egile Juan Uriartek nabarmendu duenez, farmazien inplikazioak mendekotasuna gainditzeko tratamenduekiko atxikidura hobetzen du eta Ezerre programa pazientearen jarraipen berezia eskatzen duten beste gaixotasun kronikoen tratamendura egoki daitekeen lan-metodologia bat da.

Ikertzailearen iritziz, “osasun publikoko programen garapenean gutxi erabilia izan den errekurtso bat da farmazia eta erreminta eraginkorra izan daiteke epe luzerako tratamenduen jarraipena kontrolatu eta hobetzeko, gaixotasun kronikoen kasuan gehienbat. Herrialde garatuetan, tratamendu horiekiko atxikidura maila % 50etik beherakoa da eta garapen bidean dauden herrialdetan, aldiz, baxuagoa da oraindik. Ondorioz, tamaina izugarriko mundu mailako arazo baten aurrean gaude”.

Juan Uriarte Garcia-Borreguero (Bilbao, 1976). Farmazian lizentziaduna, UPV/EHUko doktore da UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Alfonso Apellaniz eta Jose Ignacio Villate irakasleek zuzendu zuten ‘Influencia de la farmacia comunitaria en la mejora de la adherencia al tratamiento con vareniclina’ izeneko tesia aurkeztu ondoren. Ezerre programak Bizkaiko Farmazialarien Elkargo Ofizialeko Farmakojagoletza Batzordearen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Farmakojagoletza Unitatearen laguntza jaso du.

Utzi iruzkina