Gas-instalazioen eta galdaren ikuskapenak eta berrikuspenak
Euskal Autonomia Erkidegoan gasa hartzeko instalazioak bost urtez behin ikuskatu edoberrikusi behar dira. Hala ezartzen du irailaren 6ko 125/2016 Dekretuak, gasa hartzeko instalazioak ikuskatzea eta berrikustea arautzen duenak. Dekretu horrek aurreko araudia ordezten du. Hain zuzen ere, aurreko araudi hartan lau urteko epea ezartzen zen.
Hornidura-kontratuaren titularra bazara, edo horren ordez, instalazioaren erabiltzailea,aldizkako kontrola egin behar duzu dagokizun urte naturalaren barruan. Instalazioa abian jartzen den edo ikuskapena azken aldiz egiten denetik aurrera zenbatzen da epe hori. Hala egiten ez baduzu, gasaren enpresa banatzaileak zure hornidura etengo du.
Gaseko galdarak, ur-berogailuak eta bestelako gailu termikoak ere aztertu behar dira tarteka. Zenbatean behin aztertu behar diren instalazioaren ezaugarriek markatuko dute. 70 kW arteko paretako gas-galdaren kasuan, bi urtean behin egin behar da azterketa.
Galdara, ur-berogailu eta ekipo termikoak aztertzea
Eraikinen instalazio termikoen gaineko araudiak agintzen duenez, galdara, ur-berogailu eta bestelako ekipo termikoak aldiro aztertu behar dira, ziurtatzeko energia-efizientzia egokia dutela, seguruak direla, luzerako irauteko moduan daudela eta ingurumenari ez diotela kalterik egiten. Azterketa egiteko tartea ezberdina da, ekipo bakoitzak berea du, potentzia erabilgarri nominalaren eta erabiltzeko moduaren arabera. Etxeetako instalazioen kasuan, hauek aztertu behar dira:
- 70 kW-ko edo gutxiagoko potentzia daukaten paretako gas-galdarak: 2 urte.
- 24,4 kW baino gehiagoko eta 70 kW-ko edo gutxiagoko potentzia daukaten gasezko ur-berogailuak: 2 urte.
- 24,4 kW baino gutxiagoko gasezko ur-berogailuak: 5 urte.
- 70 kW arteko potentzia daukaten beste berotze-instalazio guztiak: urtebete.
- 70 kW-tik gorako potentzia duten instalazioak: hilabete.
Halere, gerta liteke, fabrikatzaileak hala badio mantentze-gidan, tarte hori laburragoa ere izatea.
Aire-girotzeko ekipoek ere pasa behar dituzte azterketak. 12 kW-ko edo gutxiago potentzia badute, 2 urtero; 12 kW baino potentzia handiagoa badute, baina 70 kW-koa edo gutxiago, 4 urtero.
Gasa banatzeko konpainiak, ekipoaren fabrikatzaileak edo behar bezala kualifikatutako profesional independenteek azter dezakete galdara. Prezioak bakoitzak jartzen ditu; zuk aukeratu azterketa zeini agindu. Mantentze-zerbitzua kontratatzea pentsatu baduzu, ondo irakurri klausulak, ikusteko zer prestazio ematen dituen eta zenbat ordaindu beharko duzun.
Ikuskapenaren eta berrikuspenaren arteko diferentzia
Araudiak ikuskapena eta berrikuspena bereizten ditu:
- Ikuskapenak gas naturalaren edo gas propanoaren banaketa-sareekin edoerabiltzaile bati baino gehiagori zerbitzua ematen dioten propano-biltegiekin konektatutako instalazioetan egiten dira. Kasu horretan, kontrola gasaren enpresa banatzaileak berak egin ahalko du, edo bestela gasaren enpresa instalatzaile gaitu batek, zuk aukeratzen duzunak.
- Berrikuspenak pertsona bakar bati zerbitzua emateko diseinatutako instalazioetan egiten dira, dela ontziak (bonbonak) dela propano-biltegiak erabiltzen dituztenetan. Kasu horretan, kontrola zuk aukeratutako gasaren enpresa instalatzaile gaitu batekegin ahalko du, edo bestela hornitzailearen zerbitzu teknikoek.
Nola jakin ikuskapena edo berrikuspena noiz egin behar den
Gasa banatzen edo hornitzen duen enpresak gutxienez hiru hilabete lehenago abisu bat bidali behar dizu. Abisu horretan zera agertu behar da:
- Azken ikuskapen edo berrikuspenaren data, edo kasuan kasu, zerbitzuan jarri zen data.
- Hornidura-puntuaren kode unibertsala (HPKU) edo erreferentzia-zenbaki unibokoa.
- Arretarako doako telefonoa.
- Adieraziko da, hala dagokionean, enpresa instalatzaileak kontrola eginez gero, berakj akinaraziko diola enpresa hornitzaileari edo banatzaileari emaitza.
- Aplikatu beharrekoarau-erreferentziak.
Ikuskapena bada, abisuan, gainera, zera agertuko da:
- Ikuskapen hori nork egitea nahi duzun erabakitzeko aukeraren gaineko informazioa. Enpresa banatzailea edo gasaren edozein enpresa instalatzaile gaitua ukeratu ahal duzu.
- Ikuskapena egiteko eta horren ziurtagiria aurkezteko azken eguna, baldin eta enpresa gaitu bat kontratatzea erabakitzen baduzu. Emandako epea gutxienez 45 egunekoa izango da, enpresa banatzailearen abisua igortzen denetik zenbatzen hasita. Enpresa instalatzaileak banatzaileari ziurtagiria azaldutako azken data baino lehenago igorri ezean, kontrola banatzaileak berak egitea nahi duzula ulertuko da.
- Zer astetan dagoen aurreikusita ikuskapena egitea, hori azkenean enpresa banatzaileak eginez gero.
- Banako instalazioaren eta zati komunarenikuskapena kudeatzeagatik ordaindu beharreko kostua, BEZa barne.
- Ikuskapenaren kostua, BEZa barne, enpresa banatzailearekin egitea erabakiz gero.
Ikuskapena nork egingo duen aukeratzeko eskubidea
Zure instalazioan ikuskapena egin behar bada, ez duzu nahitaez egin behar enpresa banatzailearekin: nork egingo duen aukeratzeko eskubidea duzu.
- Eusko Jaurlaritzako IndustriaSailaren webgunean eskura duzun zerrendako edozein enpresa instalatzaile gaitu kontratatu ahal duzu. Ikuskapenaren ziurtagiria egin eta enpresa banatzaileari jakinarazi beharko dio abisuan adierazitako muga-eguna baino lehen.
- Ezer ere adierazten ez baduzu, enpresa banatzaileak ulertuko du kontrola berak egitea nahi duzula. Kasu horretan, enpresa banatzaileak ikuskapena zein egun eta ordutan egingo duen jakinaraziko dizu, instalazioan sartzeko aukera eman diezaiozun.
Hornidura etetea ez ikuskatzeagatik edo ez berrikusteagatik
Ikuskapena edo berrikuspena epearen barruan egiten ez baduzu, enpresa banatzaileak edo hornitzaileak hornidura eten egin beharko dizu.
Etena ez da automatikoa izango. Aipatutako epea igaro bada zuk kontrola egin gabe, enpresa banatzaileak edo hornitzaileak hainbat gauza egiteko eskatu beharko dizu,jakinaren gainean zaudela edo jaso duzula frogatuko duen modu batean, kontuan hartuta instalazioa ikuskatu beharrekoa edo berrikusi beharrekoa den:
- Ikuskatu beharrekoa bada: Bi hilabeteko epea izango duzu konpainiarekin harremanetan jartzeko, eta ikuskapena egiteko beste egun eta ordu bat adierazteko. Abisu horretan ohartaraziko dizu kontrola epe horren barruan egin ezean hornidura etengo zaizula.
- Berrikusi beharrekoa bada: Hilabete emango dizu enpresa instalatzaile batek berrikuspena egin eta aurkez dezan. Abisu horretan ere azalduko da hala egin ezean hornidura etengo zaizula.
Ikuskapen- edo berrikuspen-ziurtagirian jasotzen den informazioa
Ziurtagiriak instalazioaren segurtasun-egoera azaltzen du, hau da, ikuskapenak edo berrikuspenak ondorioztatu al duen akatsik ez duela ala akats larri edo arinen bat detektatu den.
- Akats larriengatik baliteke istripua berehala gertatzeko arriskua egotea. Ikuskatzaileak akats horiek zuzendu ezin baditu instalazioa zigilatu beharko du.
- Akats arinak erregelamenduzko xedapenak urratzen dituztenak edo arrisku txikiagoa dakartenak dira, eta ahalik eta arinen konpondu behar dira. Akatsen zuzenketa enpresa batzaileari edo hornitzaileari jakinarazi behar zaio bi hilabete igaro baino lehen.
Ikuskapenaren edo berrikuspenaren prezioa
Ikuskapenetan, kontrolaren kostuan bi kontzeptu sartzen dira:
- Enpresa banatzaileak edo hornitzaileak egindakoikuskapenaren kudeaketa, hau da, abisuak igortzea, ikuskapenak jasotzea, eta akatsen zuzenketak kontrolatzea.
- Ikuskapena bera, enpresa instalatzaile gaituak edo banatzaileak edo hornitzaileak berak egin duela ere.
237/2010 Dekretuak aldatutako 135/2008 Dekretuak kontrolaren kostu osoa agertzen du, enpresa banatzaileak edo hornitzaileak egiten badu. Abisuan bi kontzeptuen (kudeaketa eta ikuskapena) banakapena sartu behar da.
Gogoan izan ikuskatzaileei ez diezula ezer ere ordaindu behar zure etxera edo lokalera joaten direnean. Gasaren hurrengo fakturan egingo duzu ordainketa, kontrola enpresa banatzaileak edo instalatzaile gaitu batek egin duela ere.
Berrikuspenetan, kontrolaren kostua enpresa instalatzaile gaituarekin kontratatuduzuna da.
Araudia
- 1027/2007 Errege Dekretua, uztailaren 20koa, Eraikinetako Instalazio Termikoei buruzko Erregelamendua onartzen duena.
- 125/2016 Dekretua, irailaren 6koa, gasa hartzeko instalazioak ikuskatzea eta berrikustea arautzen duena.
- 135/2008 Dekretua, uztailaren 15ekoa, gasa kanalizazio bidez banatzen duten enpresek erabiltzaileei egiten dizkieten zerbitzuen kostuak arautzen dituena.
- 237/2010 Dekretua, irailaren 14koa, gasa kanalizazio bidez banatzen duten enpresek erabiltzaileei egiten dizkieten zerbitzuen kostuak arautzen dituen dekretua aldatzeko dena.
Iturria: Kontsumobide