Iberdrolak 92 €ko kalte-ordaina eman dio Vitoria-Gasteizko bezero bati azaroan 8 egunez ur bero eta berokuntzarik gabe uzteagatik
D.J.J.E. EKA/ACUV-eko bazkide gasteiztarrak argindarra, gasa eta gaseko galdararen mantentze-zerbitzua Iberdrolarekin dauzka kontratatuta. Iazko azaroaren 16an Iberdrolako teknikari batek galdararen urteko azterketa egin zuen eta… hondatu zuen gailua. Nahi gabe, noski, eta jabetu gabe ere. Bere “lana” amaitu eta galdara behar bezala zebilen begiratu barik, joan egin zen.
Arratsalde hartan D.J.J.E.-k ur berorik ez zuela eta berogailuak ez zebiltzala ikusi zuen. Berehala mantentze-zerbitzura deitu zuen. Kontratuaren arabera, 48 ordu igaro baino lehen teknikari bat bertaratu behar zen. Baina askoz ere ordu gehiago itxaron behar izan zuen. Bost egun beranduago agertu zen teknikaria, azaroak 21ean, EAEko hiriburua hotz-boladan bebe-betean zegoelarik gainera. Teknikariak dio galdararen plaka basea gaizki dagoela, ordezko bat eskatu behar duela eta konponketa atzeratuko dela. Bi egun beranduago, azaroaren 23an, agertzen da berriro plaka base berri batekin. Hura jarri eta… galdara berdin: ez dabil. Eta teknikaria badoa, arratsaldean beste teknikari bat joango dela esanaz dagoeneko haserre bezain harrituta dagoen gure bazkideari. Egia. Arratsaldean beste teknikari bat heltzen da, galdara aztertu eta, hara!, arazoa ez da plaka basea, balbula bat baizik. Lan-maletan daraman balbula berri bat jartzen du orduan, plaka base originala berriro ipini eta… orain bai, galdara azkenik ura berotzen hasten da berriro, hura hondatu zuen azterketa-lardaskeriatik zortzi egun pasa eta gero.
EKA/ACUV-ek aholkatuta, gure bazkideak mantentze-zerbitzuaren kostuaren itzulpena eskatzen dio Iberdrolari, 104,52 euro, kontratua ez betetzeagatik (agindutako bi egun beharrean bost egun berandutu bait zen teknikaria iristea) gehi berokuntza eta ur berorik gabe egondako zortzi egunengatik 80 euroko kalte-ordaina. Guztira: 184,52 euro. Harrigarriro, Iberdrolak bere teknikariak ondo bete dutela lana erantzuten du eta itzulpena zein kalte-ordaina ukatzen ditu.
Erreklamazioa Kontsumoko Arbitrajera abiatzen da segituan eskaera berberarekin: 184,52 euro. Baina Arbitrajeak hein batean soilik onartzen du, Iberdrolak kontratua hein batean soilik bete ez duela ebatziz, adostutakoa baino beranduago bai baina konponketa egin duela argudiatuta, eta kalte-ordaina ordaindu beharreko 8 egunak 4ra murriztuz. Hortaz, Arbitrajeak emandako laudoak mantentze-zerbitzuaren urteko kostuaren erdia (52,26 euro) itzultzea agintzen dio Iberdrolari eta 40 eurotako kalte-ordaina ematea ere bai. Guztira: 92,26 euro. Eskatutakoaren erdia bada ere, gure bazkideak onartu egiten du eta akabo auzia.