Epaitegi batek Iberdrolak kontagailuaren “manipulazioan” oinarritutako faktura bat baliogabetu du
Iberdrola Comercialización de Último Recurso S.A.U.k ikuskapenean irregulartasunak egin zituen eta kontsumo izarigabe bezain irreala fakturatu zuen
Azkenaldian kontagailuen ustezko manipulazioan oinarritutako epaiketa asko izaten ari da kontsumitzaileen eta argindarreko konpainien artean. Kasu batzuetan enpresak dira bezeroak demandatzen dituztenak “manipulazioek” aldatutako “benetako kontsumoei” dagozkien fakturak ordaintzeari uko egiteagatik. Epaiketa horietako askotan enpresek ez dituzte kontagailuen manipulazioak frogatzen eta epaiek fakturak ordaintzeko beharra kentzen diete bezeroei. Beste kasu batzuetan auzi-jartzaileak kontsumitzaileak dira, argindarreko konpainiei kontagailuen ikuskapenetan irregulartasunak eta faktura izarigabe bezain irrealak inposatzea leporatuz.
EKA/ACUV honelako auzi batzutan dago. Horietatik batek, Bilboko Lehen Auzialdiko 4. Epaitegian ikusita, epaia jaso zuen urtarrilaren 4an, zeinek Iberdrola Comercialización de Último Recurso S.A.U.k gure bazkide bati kobratu nahi zion 1.978 euroko faktura bat baliogabetu zuen. Enpresak zioen bere bezero horrek Benidormen duen apartamentu bateko kontagailua manipulatuta zegoela eta hura ikuskatua eta “erregulatua” izan ondoren aipatu kopurura heltzen zela manipulazioak iraun zuen denboran (urtebete zehatza) egindako kontsumoa.
EKA/ACUVeko abokatua den Iñaki Velascoren laguntzaz, bezeroak eskaera judiziala jarri zuen enpresaren aurka, epaitegiari faktura hori baliogabetzea eskatzeko, ustezko ikuskapenaren aktak inolako egiantzekotasun bermerik ez zuela argudiatuz. Kontsumitzailea ez zen ikuskapenaz aurretik ohartua izan eta ez zen ikuskapenean egon; eta horrek 1.725/1984 Errege Dekretua (energia hornikuntzan argindarraren agiaztatze eta erregulartasunari buruzkoa) urratzen du. Dekretuak hauxe ezartzen du: “enpresa hornitzailekoa ez den inork ezin ditu kontrol eta neurketarako gailuak manipulatu eta deszigilatu, eta enpresak berak ere ez aurretik abonatuari ohartarazten ez badio”.
Iberdrola Comercialización de Último Recurso S.A.U.k Benidormeko kontagailua 2014ko maiatzaren 19an ikuskatu zuen eta bezeroari bi egun beranduago eman zion horren berri, ikuskapenaren “froga” bakarra bezala argazki batzuk aurkestuz. Iñaki Velasco abokatuaren esanetan, “argazki horiek ez dute ezer frogatzen. Auzi-jartzailearena edo beste norbaitena izan daitekeen kontagailu bat besterik ez da ikusten, eta are gutxiago jakin daiteke manipulatua izan den ala ez”. Gainera, fakturak irregulartasun garrantzitsu batzuk dauzka: “Ez du benetako irakurketa azaltzen, aurreko eta oraingo irakurketen espazioak zurian daude eta benetako kontsumoak bezala aurkezten direnak irrealak dira”. Hori 1619/2012 azaroaren 30ko Errege Dekretuaren bidez onartua izen zen eta fakturazio betebeharrak arautzen dituen araudiaren aurkakoa da.
Era honetako auzi askotan bezala, faktura sekulakoa zen: 1.978 eurotako kontsumoa (12 hilabetetan) Benidormeko apartamentu batean, non bere jabea, Euskadin bizi dena, urtean bi hilabete soilik egoten den.
Epaiketan aurkeztutako froga dokumentalak ikusita, Bilboko Lehen Auzialdiko 4. Epaitegiak arrazoi borobila eman zion kontsumitzaileari eta Iberdrola Comercialización de Último Recurso S.A.U. salatutako faktura erregulatzea agindu zion, bidegabe fakturatutako diru kopurua ezeztatuz.