AUZITEGI GORENAK HIPOTEKAREN ZERGA BANKUARI ORDAINTZEA DAGOKIOLA EBATZI DU

Aurtengo otsailean eman zuen epaia irauli egin du Auzitegi Gorenak eta hipotekaren Agiri bidezko Egintza Juridikoaren Zerga ordaindu behar duena bankua dela (eta ez bezeroa) ebatzi berri du.

Zerga hau Elkarte Autonomoek zehazten dute. Andaluzian eta Aragoin, adibidez, mailegatutako diru kopuru osoaren %1,5ekoa da. Euskadin, %0,5koa da, eta ez zaio bizitzeko den etxebizitzari ezartzen. Hortaz, Gorenaren epaiak hemen izango duen eragina baxuagoa izango da beste elkarte gehienetan baino.

Auzitegi Gorenak bereganatu ditu orain aditu eta abokatu askok denbora luze defendatzen daramaten iritzia: mailegu hipotekarioa eskritura publikoan inskribatzean bankua da interesatu bakarra, horrek hipoteka ejekutatzea (eta etxebizitza bereganatzea) baimenduko baitio ez ordaintzerik izatekotan.

Atzeraeraginik bai?

Epai honetatik aurrera sinatuko diren hipoteka guztietan AGJZ bankuek ordaindu beharko dute. Baina… ba al dute hipotekatuek ordaindu behar izan zuten AGJZ atzeraeraginarekin erreklamatzerik?

Gorenaren epaiak ez du atzeraeraginari buruz ezer aipatu. Hala ere, zergen ordainketaren preskripzio epea lau urtekoa izanik, ziurtzat jotzen da bezeroek azken lau urteetan ordaindutako zerga horren itzulpena erreklamatu ahal izango dutela. Argitzeke dago, ordea, nori erreklamatu beharko zaion: bankuei edo Haziendari.

Hipotekaren eratzearen ohiko gastuak honako hauek dira:

Tasatzea: Erosiko dugun etxebizitzaren tasatzea, bankuak mailegua emateko inposatzen diguna.

Notarioa: Maileguaren diru-kopuruaren %0,1 eta %0,5 artekoa.

Jabetza Erregistroa: Maileguaren diru-kopuruaren %0,2 edo gutxiago.

Gestoria: Gestoreak (gehienetan bankuek inposatuta) agiriak bideratzeagatik kobratzen diguna.

Agiri bidezko Egintza Juridikoaren Zerga: Elkarte Autonomoek zehaztutako zerga, mailegatutako diru-kopuruaren %0tik %1,5era izan daitekeena.

Utzi iruzkina