KONPONKETA AKASTUNA, ERREKLAMATZAILEEN ALDEKO ADITU-TXOSTENA, EPAIKETA-ABISUA ETA… KONPONBIDEA

EKA/ACUV-eko bazkide den Beasaingo Oriamendi kaleko jabekidego bat Donostian dugun bulegora etorri zen Aterki Isola, S.L. enpresaren aurkako erreklamazio bat bideratzeko. Arrazoia: aipatu enpresak 2016.ean komunitatearen bi balkoitan egin zuen konponketa eta iragazgaizte-lana gaizki burututa zegoen, euria egiten zuenean ura gainezkabideetatik ez zihoalako eta putzuak sortzen zirelako.

Erantzun gabeko erreklamazio batzuen ondoren, EKA/ACUV-ek enpresarekin hitz egitea lortu zuen eta honek aldez aurretik jabekidegoaren kexei emandako erantzuna errepikatu zuen: bere lana ondo eginda zegoela, ur-putzuak agertzea bere iragazgaizte-lana zuzenki eginda zegoela proba zela hain zuzen ere, ura beherantz jada ez iragaztean; ur-putzuen arazoa, beraz, balkoien konfigurazioagatik zela, ez bere iragazgaizte-lanagatik. Erantzun horren aurrean, EKA/ACUV-ek aditu-txosten bat egitea gomendatu zion Beasaingo komunitateari eta, haren aldekoa suertatuz gero, eskaera judiziala jartzea enpresaren aurka txosten hori aurkeztuz.

Jabekidegoak Gipuzkoako Aparejadore eta Arkitekto Teknikoen Elkargo Ofizialean kolegiatutako arkitekto tekniko bati aditu-txostena egitea eskatu zion. Honek balkoietan arazoa zuten bi etxebizitzen aseguru-konpainiek (Lagun Aro eta Allianz) aldez aurretik egindako txostenak (lana gaizki burututa zegoela ziotenek) eta Aterki Isolak egindako obraren aurrekontua aztertu zituen eta gero, noski, balkoiak miatzera joan zen. Haren ostean, jabekidegoaren aldeko txostena eman zuen: euria egitean ur-putzuak agertzearen arrazoiak ziren balkoietako aldapen egite txarra eta euri-uraren ebakuazioko gainezkabideen kokapen okerra, balkoietako lurzoruko hainbat zonakoa baino kota altuagoan jarrita zeudelarik. Aditu-txostenak Aterki Isolaren aurrekontuan aldapen eta gainezkabideen kontua hartuta zegoela azpimarratzen zuen eta aurrekontuaren kopia bat sartzen zuen.

Aditu-txostenaren amaieran zeuden bi konponketa-proposamenetatik bigarrena aukeratu zuen jabekidegoak, 1.703 eurotan balioztatuta, eta lana beste enpresa espezializatu bati eskatu zion, zeinek ondo burutzu zuen. Aldi berean, jabekidegoak eta EKA/ACUV-ek Aterki Isola enpresari aditu-txostenaren berri eman zioten eta eskaera judiziala jarriko zela ohartarazi ere. Hura gertatu baino lehen, Aterki Isolak komunitateak beste enpresari ordaindutako 1.703 euroak komunitateari ordaintzea erabaki zuen.

Utzi iruzkina