JAZZTELEK EZ ZEBILEN TELEFONO FINKO BATENGATIK 18 HILABETETAN KOBRATU ZITUEN 421 EUROAK ITZULI ETA AZKENIK LINEA KONPONDU DU

“ADSL + berehalako eraginkortasuneko deiak”. Hori da EKA/ACUV-eko F.A.F. bazkideak 2017ko urtarrilean Jazztelekin sinatu zuen kontratuaren izena, lehen Movistarrekin zituen telefono mugikorreko bi linea, finkoko linea bat eta ADSL Movistarretik Jazztelera pasatuz. Berehalako eraginkortasunarena ADSL eta mugikorrekin bete egin zen. Ez ordea telefono finkoarekin; ez zuen berehala funtzionatu ezta… 18 hilabetetan zehar.

Denbora luze horretan gure bazkideak telefono finkoa behingoz abiaraz zezala hainbat alditan erreklamatu zion Jazzteli. Honek arazo tekniko bat zela erantzuten zion batzuetan eta arazo administratibo bat zela beste batzuetan. Baina ez zuen konpontzen. Hori bai, telefono finko horri zegokion kuota hilero kobratzen zuen.

Gurera iristen diren hainbeste kasutan bezala, hauxe ere EKA/ACUV-ek parte hartu eta berehala konpondu zen, joan den uztailaren erdian. Gure bazkidearen telefono finkoari funtzionatzea galarazten zion arazoa edozein izanda ere, Jazzteli zegokion hura azkar konpontzea eta, gainera, F.A.F.-ri hasieratik zerbitzu alfer horrengatik kobratu zion dirua itzultzea ere bai: 420,77 euro. Horixe esan zion EKA/ACUV-ek Jazzteli gure bazkidearen izenean.

Aste bat geroago, 18 hilabetetan zehar ezinezko misioa zirudiena konponduta zegoen: telefono finkoa bazebilen eta F.A.F.-k urte t’erdian ezeren truke ordaindu zituen 420,77 euroak jaso zituen.

Utzi iruzkina