Movistar Vive26: egonaldirik gabe, baina konpainia uztekotan azken hilea osorik ordaindu beharko duzu nahiz zati bat soilik kontsumitu
Telekomunikazioena (telefonia+Internet) kontsumoko erreklamazio gehien sortzen duen atala da espainiar Estatuan, urte batzuetan Euskal Autonomia Erkidegoan kontsumitzaileen erreklamazio guztien %35 bereganatzera heldu delarik. Zergatik baina? Lehenik, ea herritar guztiok erabiltzen ditugun zerbitzuak ematen dituelako (telefono finkoa, mugikorra, Internet), garesti samar diren zerbitzuak gainera, bereziki espainiar Estatuan. Bigarrenik, diferentzia handiz bere bezeroen kaltean jardunbide txar eta irregulartasun gehien burutzen dituen industria edo sektorea delako. Gaurko “arrakasta kasua” Movistar protagonista duen lagin sinple bezain adierazgarria da.
EKA/ACUV-eko J.L.A. bazkidea telefonia konpainiaz aldatzen da Movistar utziz, norekin hilero 26 euro balio duen Vive26 izeneko tarifako kontratua duen, bete beharreko egonaldirik gabe. Movistarrek bidaltzen dion azken hileko faktura jasota, gure bazkidea ohiko 26 euroak kobratu dizkiola ohartzen da, nahiz eta azken hilabete horretan Movistarrekin 15 egun baino ez den egon, beste konpainia batekin joandakoan.
J.L.A.-k faktura horren erdiaren itzulpena eskatzen dio orduan Movistarri: 13 euro. Eta konpainiak ezezko erantzuna ematen dio, kontratuaren 6. puntuan hauxe dagoelako jarrita: “Zerbitzu ematea amaituta, Movistarrek, bere kasuan, azken hileko kuotaren proportzio-aldeari dagokion zenbatekoa kobratuko du, zerbitzuan bajaren dataren arabera; baina Movistarreko bezero bezala behin betiko baja izatekotan azken hileko kuota osoa fakturatuko du”.
Hara! Eta hori zergatik? Movistarri sudur-puntan jartzen zaiolako, eman ez den zerbitzu bat kobratzea sekulako lege-haustea bada ere. Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Denfentsarako Lege Orokorrak argi eta garbi ezartzen du hauxe: “Kontsumitzaileak kontratu bati amaiera eman ahal dio sinatu zuen era berean, inolako zigor edo karga kostubidezko edo gehiegizkorik gabe, adibidez aldez aurretik ordaindutako kopuruen galera, eman gabeko zerbitzuengatiko ordainketa, kontratuan jarritako zigor-klausulen alde bakarreko betearazpena edota benetan sortutako kalteekin bat ez datozen kalte-ordainen ezarpena”.
Kontsumoko Arbitrajera deituta, Movistarrek audientzia ekiditea erabakitzen du eta gure bezeroari ilegalki kobratutako 13 euroak itzultzen dizkio.