EKA/ACUV-EKO BAZKIDE BAT HILDAKOAN, AURRETIK ORDAINDUTA ZEUKAN ASEGURU MEDIKUAREN HIRUHILEKO PRIMAREN ZATI BAT ITZULI DU ADESLASEK

EKA/ACUV-eko M.A.S.C.M. bazkideak aseguru mediku bat zeukan Adeslasekin, hiruhileko kuotatan eta aurretik ordaintzen zuena. Joan den martxoaren 11an hil zen eta bere ahaide batek Adeslasi jakinarazi zion aseguruaren baja eman zezan. Adeslasek heriotza-ziurtagiria eta M.A.S.C.M.-ren aseguruaren txartela eskatu zituen. Ahaideak bidali zizkion eta martxoa amaitzeko falta ziren 20 egunei zegokien prima-kostuaren itzulpena (66,59 euro) eskatu zion; izan ere, martxoaren 11tik 31era aseguruak ez zuen inolako zerbitzurik emango.

Adeslasen erantzuna: baja martxoaren 31ean tramitatuko zen; ez zuen beraz eskatutako itzulpena emango. M.A.S.C.M.-ak galdetu zion orduan aseguratzaileari baja zergatik martxoaren 31ean tramitatu behar zen eta ez martxoaren 11an, heriotzaren egunean, “egun hortatik aurrera ezin izan baitu kontratatutako eta aldez aurretik ordaindutako aseguru medikua erabili”. “Heriotzagatiko baja guztiak ordainagiriaren amaieran tramitatzen dira”, erantzun zuen Adeslasek. Antza, horrek bukaera ematen zion erreklamazioari. Baina… ez.

Erreklamatzailea EKA/ACUV-era etorri zen eta hemendik erreklamazioa (baja martxoaren 11an tramitatzea eta 66,59 euroen itzulpena) berbidali zitzaion Adeslasi, “konponbide batera heltzeko asmoz eta erreklamazioa Aseguruen eta Pentsio Funtsen Zuzendaritzara bidaltzea ekiditeko”. Hilabete geroago, Adeslasek hauxe erantzun zuen: “Eskatutako martxoaren 12tik 31era dagokion 66,59 euroko prima-extornoa ematea erabaki dugu”.

Zergatik baina Adeslasek M.A.S.C.M.-ren ahaidearen erreklamazio zuzenari ezetza eman zion eta gero kontsumitzaile elkarte batek berbidali zionean onartu eta asebete egin zuen? Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Defentsarako Lege Orokorrak argi eta garbi debekatzen du prestatu ez diren zerbitzuak kobratzea.

Utzi iruzkina