Inauteriak 2024: Zer jakin behar dut mozorroa aukeratu aurretik?
Inauteriak 2024: Zer jakin behar dut mozorroa aukeratu aurretik?
Inauteri garaia da! Hala, leku batzuetan mozorroak aurreratu dituzten arren, asteburu honetan Inauteriak ospatzen dira Euskal Herriko leku gehienetan.
Honen harira, EKA/ACUVetik geroz eta ezagunagoa den jai hau gure erara ospatu nahi dugu: festa hau topera baina baita segurtasunik handienarekin ospatzen duzula ziurtatzeko, jarraian, inauterietarako jarraibide batzuk emango dizkizugu.
1. Berrerabili eta sortu
Zure armairuan begiratzea eta bertan aurkitzen duzunarekin mozorro bat sortzea berria jantzita eramatea bezain dibertigarria izan daiteke. Horregatik eta gure egunerokotasunean bizi dugun kontsumismo hori gehiegi ez elikatzerren, aurreko urteetako jantziak aukeratzearen alde egiten dugu. Gutxiago kontsumitu, gehiago sortu!
2. Arretaz erosi
Berrerabiltzea ez da derrigorrezkoa, baina bai oso gomendagarria. Nolanahi ere, erostea erabakitzen baduzu, gogoratu konfiantza handiko dendetan egitea, esaterako tokiko saltokiak edo webgune seguruak. Ahal den neurrian, saiatu kalitate txarreko mozorroak saihesten, eta arreta berezia jarri detaileei, hala nola erori eta begietan sar daitezkeen distirei, edo zauriak eragin ditzaketen elementu txikiei.
3. Egiaztatu segurtasuna
Ziurtatu mozorroak gutxieneko segurtasun-estandarrak betetzen dituela. Gogoratu CE etiketa bilatzea, batez ere jantziaren sukoitasunik eza bermatzeko. Egiaztatu mozorroek ez dutela itolarria eragin dezakeen elementurik, eta saihestu produktu kimiko arriskutsuak izan ditzaketen usain txarrak.
4. Kontuz makillajearekin
Probatu makillaje-produktuak larruazal zati txiki batean, alergiak saihesteko. Gainera, komeni da produktu “hipoalergenikoak” bilatzea eta erraz garbitzen direla ziurtatzea.
5. Maskarak eta aurpegi-zaintza
Ziurtatu zure maskara arnasa eroso hartzeko adina zulo dituela. Bestalde, pinturak edo aurpegiko makillajea erabiltzen baduzu, aztertu osagaiak, bere iraungitze-data eta balizko alergiak.
6. Aztertu larrialdi-irteerak
Askok 2024ko Inauteriak jaietara edo lokal pribatuetara joanda ospatuko dituzte. Gogoratu, zure kasua bada eta festa batera joateko asmoa baduzu, inoiz ez dagoela soberan larrialdietako irteerak lokalizatuta izatea. Era berean, gogoratu edozein egoeraren aurrean deseroso sentitzen bazara, segurtasuneko langileekin hitz egin behar duzula. Erantzun egokia jasotzen ez baduzu, ez izan zalantzarik erreklamazio-orria eskatzeko.
Gogoratu, mozorrotik eta festatik haratago, garrantzitsuena ondo pasatzea eta inauteriez modu seguruan gozatzea dela! Bien bitartean, EKA/ACUVen lanean jarraituko dugu informatuta eta kontsumitzaile gisa gaituta mantentzeko.