ACUBIri esker Googlek etxe partikularretarako deiak sortzen zituzten erruak zuzendu ditu bi negozioren telefono zenbakietan

Guztioi gertatu zaigu inoiz: dei bat gure telefonoan beste norbaitez galdezka, zenbakia okertuta. Baina badira zoritxar gehiagoko erabiltzaile batzuk, enpresa edo saltoki zehatz bati buruz galdezka deiak etengabe jasotzen dituztenak. ACUBIk (Asociación de Consumidores del Bidasoa) honelako bi kasu eraman berri ditu eta biak ondo konpondu ere. Lehena: Hondarribiko emakume batek etengabe jasotzen ditu bere etxeko telefono finkoan lorezaintzako enpresa bati zuzendutako deiak. Bigarrena: Irungo gizon baten telefonora jende askok deitzen du harategi baten telefonoa delakoan. “Hau ez da lorezaintzako enpresa bat”. “Hau ez da harategi hori”. “Apunta ezazu haien telefono zenbakia…”. Kokotaraino, emakume hondarribitarra, lehen, eta irungo gizona, beranduago, ACUBIra hurbildu ziren laguntza eske. ACUBIk aipatu bi negozioekin ere hitz egin zuen eta horiek ere okerra garesti ordaintzen ari zirela esan zioten: bezero-salmenta galera, hornitzaileekiko arazoak komunikazio arazoengatik… Arazoa Googlen zegoen. Bertan, Hondarribiko lorezaintza enpresako datuetan eta Irungo harategiko datuetan telefonoak oker zeuden. ACUBIk kasu biak jakinarazi zizkion, idatziz, Googlek Madrilen duen egoitzari eta Interneteko erraldoiak zuzen eta azkar erantzun zuen erru biak konponduz. Inor deskribatutako egoera horretan baldin badago, hemen ditu Googlek Madrilen duen egoitzaren harreman-datak:

Google Spain SL
Torre Picasso. Plaza Pablo Ruiz Picasso, nº 1. 28020 – Madrid
Telefonoa 917486400
Faxa: 917486401
E-maila: legales-noreply@google.com

Utzi iruzkina