Bateria akastuna motorra batean, Kontsumoko Arbitrajean azkar eta adiskidetsu konpondutako arazoa
Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Defentsarako Lege Orokorrak, Bermeen Legeak eta Kode Zibilak hauxe agintzen dute: ondasun edo produktu bat kontratuarekin guztiz ez badator edo bere funtziorako ezgaitzen duen funtsezko akats bat badauka, kontsumitzaileak exijitu dezake: lehenik, konponketa; bigarrenik (konponketa ezinezkoa bada), ordezkapena; eta azkenik (konponketa eta ordezkapena ezinezkoak badira edo horiek burututa ere produktuak akastuna izaten jarraitzen badu), kontratuaren deuseztapena, hau da, kontsumitzaileak eta saltzaileak dirua eta produktua elkarri itzuli behar dizkiete, haien arteko harreman komertzialari amaiera emanaz. Horrez gain, zenbait kasutan, egoera edo gertaeraren arabera, kontsumitzaileak harreman komertzial horrek eta bere soluziorako prozesuak eragin dizkioten arazo, kalte edo gastuengatiko kalte-ordaina ere eska dezake.
I.H.Z. kontsumitzaileak aipatu soluzio guzti horiek batera eskatu zituen (“konponbide fidagarria eta iraunkorra eskatzen dut, baita jasan ditudan arazo eta kalteengatiko kalte-ordaina ere, edo motozikleta berri bat. Ordaindutako diruaren itzulpena”) joan den otsailaren 20an Bilboko Motocicletas Tito enpresaren aurka aurkeztu zuen Kontsumoko Arbitrajerako eskarian, non EKA/ACUV-eko abokatu bat epaileetako bat izango zen. Urtebete lehenago erreklamatzaileak enpresa horri erosi zion motorraren bateriarekin arazo asko edukitzen ari zen eta gogaituta zegoen. Hortaz bere eskaera.
Arbitrajeko epaimahaiak ezin zituen onartu ezta agindu ere haien artean kontrajarriak ziren konponbideak; adibidez, motorra berria ematea eta ordaindutako diruaren itzulpena. Baina bai erreklamazioaren funtsa, “konponbide fidagarria eta iraunkorra”, asetu beharrean zegoela, ahal izanez gero alde bien arteko akordio batera helduz. Eta lortu zuen. Martxoaren 23an burututako audientziak bakearazteko laudio bat eman zuen, zeinen arabera enpresak 15 eguneko epean erreklamatzailearen motorrean anpere-kopuru eta ahalmen handiagoko bateria berri bat jarri behar zuen.
Auzia, beraz, era azkarrean eta aldeentzat prozedurazko gasturik gabe konpondu zen. Horiek, azkartasuna eta doakotasuna, dira Kontsumoko Arbitrajearen abantaila batzuk eskaera judizialekin aldenduta.
Azpimarratu behar da ere bai Motocicletas Titok (eta oro har Kontsumoko Arbitraje Sisteman atxikita dauden enpresa guztiek) azaltzen duen nahimen ona bere bezeroen aurrean enpresa edo saltoki eta kontsumitzaileen arteko gatazkei irtenbide justua emateko dagoen Kontsumoko Arbitraje Sisteman borondatez parte hartuz. Horregatik hain zuzen ere EKA/ACUV-ek Kontsumoko Arbitrajean atxikita dauden enpresa edo saltokietan zerbitzuak kontratatzea eta produktuak erostea aholkatzen du beti.