Bere finantziabidea aldatu behar den arren, Argindarreko Bonu Soziala mantentzen da
Duela bi aste, Espainiako Auzitegi Gorenak agindarraren Bonu Sozialaren finantzabidea baliogabetu duen eta Estatuari argindarreko enpresei kalte-ordaina ematera behartu dien epaia eman zuen. Komunikabide batzuek Bonu Sozialaren desagerpena iragarri dute. Baina ez da egia. Artikulu honetan azalduko dugu Auzitegi Gorenak zer agindu duen eta zergatik, epaia horrek sortu dituen erantzunak eta, batez ere, Bonu Soziala zer den, nortzuk duten horretarako eskubidea, zelan egiten den eskaera…
Zer da Bonu Soziala?
Bonu Soziala Kontsumitzaile Txikiarentzako Borondatezko Prezioa izeneko tarifan (Azken Aukerako Tarifa zena lehen, tarifa erregulatua) dauden eta ekonomikoki ahulak diren kontsumitzaile mota batzuei argindarraren fakturan egiten zaien %25eko deskontua da. Bonu sozialak 2,5 milioi onuradun ditu eta haren finantziazioaren %95 bost elektrizitate-enpresa handien artean banatzen da (Iberdrola, Endesa, Gas Natural, EDP eta E.On) eta gainontzeko %5 beste 20 enpresa txikiagoen artean. Bonu soziala 2009an sortu zen, krisialdiaren unerik latzenean, Madrilgo Gobernuan PSOE zegoela, eta hasieratik haren aurka egon dira bai argindarreko enpresak bai Auzitegi Gorena, zeinek, elektrikoek eskatuta, 2012an Bonu Soziala arautzen zuen markoa aldatzera behartu zuen. 2013an Alderdi Popularreko Gobernuak Bonu Sozialaren kostua hori ez zuten kontsumitzailei kargatu zien behin behinekoz eta 2014ko azken erreforman berriro elektrizitate-enpresei kargatu zien, batez ere bost handienei, Kontsumitzaile Txikiarentzako Borondatezko Prezioa izeneko tarifa eskaintzeko behartuta dauden bost enpresei hain zuzen ere.
Zer da Auzitegi Gorenak agindu duena eta zergatik?
Auzitegi Gorenak eman berri duen epaiak bost enpresa horietatik bik (E.On eta Endesa) aurkeztutako eskaerari erantzun dio. Eta arrazoia eman die Bonu Sozialaren finantziatzioaren erari buruz. Auzitegi Gorenak esan du Bonu Sozialaren kostua bost elektrizitate-enpresa handienek ordaindu beharrak Europar Parlamentaren eta Batzordearen 2009ko Direktibak argindarraren barruko merkatuarentzako ezarritako arauak urratzen dituela eta proportzionaltasunaren printzipioaren aurkakoa dela ere bai, Bonu Sozialaren kostua elektrizitate-agente batzuengan kargatzen duelako beste batzuk horretaz libre utzita, epe-mugarik gabe eta inolako konpentsaziorik gabe. Gorenak dio ulertezina dela adibidez Red Eléctrica Española karga horretatik kanpo egotea.
Komunikabide batzuek Bonu Soziala amaitu dela esan dute eta jende askok ere horixe ulertu du, baina ez da egia…
Auzitegi Gorenaren epaiak alarma piztu du, bai, batez ere Bonu Sozialaren onuradunen artean, eta alderdi politiko eta sindikatu gehienen eta kontsumitzaileen elkarteen berehalako erantzuna sortu du. Gorenaren agindua ikusita, giza agente horiek Bonu Sozialaren finantziabidean egin beharreko aldaketa egin dezala eskatu diote Gobernuari gaurko bonua edo antzeko bat mantendu ahal izateko, kontsumitzaile behartsuenek argindarra merkeago ordaintzeko modu bat edukitzen jarraitu ahal izateko. Bitartean, Bonu Sozialak zegoen bezala jarraitzen du. Hona hemen Iberdrolak Confederación de Consumidores y Usuarios-i eman dion erantzuna: “Epaiak Bonu Sozialaren gaurko finantziazio sistema aplikaezina dela agindu du, baina horrek ez dakarkie kontsumitzailei inolako ondoriorik. Bonu Soziala duten bezeroek berau mantentzen eta fakturetan %25eko deskontua edukitzen jarraituko dute. Bonua eskatzea pentsatzen ari diren edo eskaera martxan duten bezeroek jakin behar dute Bonurako eskubidea ematen duten baldintzak ez direla aldatu eta tramitazio bidea ere berbera dela”. Horixe adierazi du publikoki Iberdrolak.
Gorenak agindu du ere bai Estatuak elektrizitate-enpresei kalte-ordaina eman behar diela. Zenbatekoa da eta nondik aterako da dirua?
500 milioi eurokoa da Estatuak enpresei eman behar dien indemnizazioa. Baina oraindik ez da zehaztu noiz eta nola egingo den ordainketa hori. Aurrekontu generaletatik atera liteke, kontsumitzaile guztiok argindarragatik ordaintzen ditugun zergetatik atera liteke… Edonondik hartuta ere, argi dago diru hori kontsumitzaileon, herritarron poltsikoetatik aterako dela. Horregatik alderdi politikoek, sindikatuek eta kontsumitzaileen elkarteek Bonu Soziala edo antzekoa mantentzeko behar den erreforma ondo egin dezala eskatu diote Gobernuari, etorkizunean justiziaren aldetik zartada berririk jasan ez dezan.
Erreforma hori egiten den bitartean, zeintzuk dira gaur egun Bonu Sozialerako eskubidea edukitzeko eskatzen diren baldintzak eta nola tramitatzen da eskaera?
-Eskubidea dute bizi diren etxean Txikiarentzako Borondatezko Prezioa izeneko tarifan dauden eta 3 kilowatt baino guxiagoko potentzia duten kontsumitzaileek. Horiei automatikoki aplikatzen zaie Bonu Soziala. Tarifa berberan eta 3 eta 10 kilowatt arteko potentzia duten kontsumitzaileek hurrengo baldintzetako bat bete behar dute:
-60 urte edo gehiago edukita gutxieneko pentsioa kobratzea.
-Familia ugaria izatea (hiru seme-alaba).
-Familiako kide guztiak langabezian egotea.
Egoera horietako batean dauden kontsumitzaileek bere konpainiari eskatu behar diote Bonu Soziala baldintzak betetzen dituztela frogatzen duten agiriak aurkeztuz: erroldatze-orria, NAN edo pasaportearen fotokopia, argindarreko azken fakturaren fotokopia, pentsioaren agiria, familia ugariaren txartelaren fotokopia, famili-liburuaren fotokopia… Kasuen arabera. Eskaera emailez zein konpainia elektrikoen bulego fisikoetan egin daiteke.
Bonu Sozialerako eskubidea ematen duen baldintza bat betetzeari uzten badio onuradunak zer egin behar du?
Hori konpainiari komunikatzera behartuta dago, legez ere bai, hilabete bateko epean, eta Bonu Sozialatik atera behar da. Konpainiek badute haien weborrietan baja eskatzeko agiria. Baja hartzeko behartuta egonda hori egiten ez duenak, harrapatzen badute, kobratu ez zaion %25 itultzera behartuko dute eta baliteke berankorren fitxategi batean sartua izatea eta ordaintzeari uko egiten badio eskaera judizial bat haren aurka jasotzea ere bai.