Bermearen frogagiriak
Produktu baten tiketako tinta ezabatu da eta ezin bermearen betetzea eskatu? Berme agiria sinatu gabe izanda konponketa edo diru itzulpena ukatu du saltzaileak? Bilgarria eskatu dute artikulu akastun bat aldatzeko? Legezkoa da guzti hori? Ikustagun…
Bermeaz edo garantiaz ari garenean produktu iraunkorrei buruz ari gara. Halaxe dio Bermeen Legeak: altxariak, etxeko tresneriak eta osagarriak, ibilgailuak, gailu elektriko eta elektronikoak, optika, argazkigintza, erlojugintza edo musikako tresnak eta instrumentuak, erremintak, jostailuak, kirol artikuluak… Baita arropa eta oinetakoak ere zerrenda horretan daude, Euskal Herriko Kontsumitzaileen Antolakundeak izapidetutako auzi batzuetako epaiek agindu duten bezala.
Kontsumoko legediak erosketa bat kontratu bat dela dio, eta beraz ekintza hori frogatzen duen agiri edo froga bat behar dela. Zein edo zeintzuk izan behar dira frogaagiri horiek, bermea gauza dadin ezinbestekoak? Txikizkako Merkataritzaren Legeak zehazten duenez, ondasun iraunkorrak banatzen edo saltzen dituenak idatzizko bermea eman behar dio erosleari, eta agiri horretan datu hauek egon behar dira: produktuaren izena, bermatzailea, bermearen titularra (edo onuraduna), haren berme eskubideak eta bermearen beraren iraupena; agiri idatzizkoa edo bestelako euskarri iraunkor batean.
Garantia deitzen duguna da hori, telebista edo txirrindula erosten dugunean ematen dizkiguten paper horiek, batzuetan sinatuta itzultzea eskatuta, bestela bermea baliogabe geratzen dela esanaz.
Legezkoa al da hori? Bermearen paperak sinatu barik egoteagatik konponketa, aldaketa edo diruaren itzulpena uka dezakete saltokiek, merkatariek? Ez. Bermeei buruzko legeetan eta oro har kontsumo harremanak arautzen dituzten normetan ez da inon bermea sinatzearen beharra ageri. Hortaz, produktua akastuna bada saltzaileak aldatu, konpondu edo dirua itzuli behar du.
Tiketa ere berme agiria da
Aipatu bermearen dokumentuak ez dira beti ematen produktu askorekin, batez ere prezio handikoa ez direnekin. Zergatik ez? Balio al du orduan erosketaren tiketak berme agiri bezala? Txikizkako Merkataritzaren Legeak bermearen dokumentu zehatza ematea agintzen duen arren, orain urte asko nolabaiteko hitzarmen edo adostasun tazito bat dago: tiketa nahikoa da erosketa frogatzeko eta, beraz, nahikoa ere bermearen estaldura eskatzeko, behar izatekotan.
Tiketa beti eman behar da, eta ondo eginda badago produktu bat egun batean eta toki batean erosi zela frogatzeko datu guztiak biltzen ditu: saltzailearen izena, produktuaren izena edo erreferentzia, salneurria, salerosketaren eguna eta ordua… Eta, egia esan, garantiaren beharrekin betetzeko tiketa nahikoa ez dela dioen merkatari bat aurkitzea ez da erraza.
Beti ere karaktere irakurgarri eta ezabaezinetan
Eta zer gertatzen da paper termikozko tiketarekin (beroaz inprimatua), zeinen tinta laster ezabatzen den eta denbora gutxian erabat desagertzen den? Arrisku handia da tiketa hori kontsumitzaileentzat. Holako bat ematen badigute, errefusatu eta ohiko tintadun beste bat eskatu beharko genuke, eskuz idatzita bada ere (saltokiaren zigilua falta gabe, hori bai).
Bermerako baliozkoa izateko, tiketa karaktere erabat irakurgarri eta ezabaezinetan edo behintzat ezabagaitzetan inprimatua izan behar da, behintzat liburu normal baten tinta bezain egonkorrak. Hala agintzen du araudiak. Tiketa termikoa zein ohikoa edo egonkorra izanda, ez legoke soberan erosleak haren fotokopia bat egitea, badaezpada ere.
Erosketa banku txartelarekin ordaintzen bada, nahiz tiketa galdu edo, kontu korrontean azalduko den idazpena bermerako baliagarria izaten da.
Ezin digute bilgarria exijitu