CARREFOURREK ORDENAGAILU HOBEAGOA ETA GARESTIAGOA EMAN DIO EKA/ACUV-EKO BAZKIDE BATI ADOSTUTAKO ENTREGA-EPEAN ATZERAPEN HANDIAREN ORDAINEZ

Azken Black Fridayn, iazko azaroaren amaieran, EKA/ACUV-eko N.G.P. bazkideak Arabako Gorbeia saltoki-gunean dagoen Carrefourren Lenovo markako ordenagailu eramangarri bat erosi zuen 599 euroren truke eta 30 egun naturaleko entrega-epea adostuta. Ordenagailua jaso gabe epe hori gaindituta, gure bazkideak zenbaitetan erreklamatu zuen eskaria, baina ez zuen lortu Carrefourrek bidal ziezaiola, ezta atzerapenaren azalpen bat, barkamena edo entrega-epe berri bat ematea ere.

Egoeraz gogaiturik, N.G.P. EKA/ACUV-era etorri zen. Hemen egiaztatu genuen kontratuak ordenagailu eramangarria emateko 30 egun naturaleko epea jartzen zuela, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Defentsarako Lege Orokorraren 66 bis 1. artikuluak kontsumitzaileak erosten duen produktua jasotzeko zehazten duen epemuga hain zuzen ere (erosleak eta saltzaileak bestelakorik adostu ezean). Honelako kontratu-urratzearen aurrean, Kode Zibilaren 1.101 artikuluak kalteordaina eskatzeko eskubidea ematen dio kontsumitzaileari, kontratua betezea exijitzen duen zein kontratua deusestatzea erabakitzen duen, hau da, erositako gauzari uko egin eta ordaindutako dirua berreskuratu.

Gure bazkideak Carrefourrek kontratua bete zezala exijitzea erabaki zuen, ordenagailu mota hori nahi zuelako, eta horrelaxe komunikatu zion enpresari EKA/ACUV-etik bidalitako erreklamazioan, non kontratatutako ordenagailu eramangarria jasotzeko 7 eguneko epea ematen zion, ohartarazpen bat gehituta: epe hori produktua eman gabe gaindituz gero, kalitate handiagoko ordenagailu bat eman beharko luke prezio igoerarik gabe, bestela kalteordaina eskatuko litzaioke. Carrefourrek ohartarazpen hori gogoan hartu zuen, zazpi egun baino gehiago igarota ordenagailu hobeago eta garestiago bat (999 eurokoa) bidali baitzion N.G.P.-ri.

Utzi iruzkina