Dietaren gakoak botikak hartzen ditugunean
Dietaren gakoak botikak hartzen ditugunean
Botikak ahotik hartzen ditugunean, hainbat bide partekatzen dituzte horiek elikagaiekin haiek digeritzean, askatzean, xurgatzean, metabolizatzean, banatzean eta kanporatzean. Beraz, euren arten interakzioak sor daitezke, eta horiek eragina izan dezakete botikaren eraginkortasunean zein gaixoen nutrizio-egoeran. Horrela, ezinbestekoa egiten da jakitea janariarekin lotuta botikak behar bezala nola hartu behar diren.
Nola eragiten du elikadurak botikak hartzen ditugunean?
Elikagaiek eragina izan dezakete botiketan. Hala, erraztu edo eragotzi egin dezake horien xurgatzea, eta ondorioz, lortu nahi ez den eragina ekarri.
Elikagaiak digestio-aparatuan egoteak edo elikagaiaren osagairen batek botikarekin elkar eragina izateak, honela aldaraz dezake botikaren eragina:
-Botika espero dena baino azkarrago metabolizatzen bada, azkarrago kanporatzen da, eta eraginkortasuna galtzen du.
-Baina, botika mantsoago eliminatzen bada, areagotu egin daiteke horren eragina, eta toxikotasuna eragin dezake.
Hori dela eta, tratamendu farmakologikoren bat hastean, berebiziko garrantzia du botikak behar bezala hartzeko jarraibideak zein diren ezagutzeak: baraurik edo otorduetan hartu behar diren edota zehazki zein elikagai saihestu behar diren tratamenduan eta horien ordez zein kontsumi ditzakegun.
Zein ondorio izan ditzake medikazioak gure elikaduran?
Botikek, zuzenean eragiten dutelako edo bigarren mailako ondorioengatik, eragina izan dezakete elikagaien aprobetxamenduan, eta zenbait nutrizio-arazo ere eragin dezakete; besteak beste:
-Dastamenaren eta usainmenaren zentzuak aldatzea, jateko gogoa galaraztea edota elikagai mota batzuk jateko gogoa murriztea.
-Nahasmendu gastrikoak. Horiek aldaketak eragin ditzakete oinarrizko nutrienteak xurgatzean, horiek murriztuz (nutrienteak galtzea eraginez) zein areagotuz (toxikotasun-arazoak nutrienteak pilatzearen ondorioz).
Hori dela eta, medikuek tratamendu farmakologikoren bat errezetatu baino lehen, aztertu egiten dute gaixoaren historia dietetikoa eta euren nutrizio-egoera (obesitatea, nutrizio falta, gabeziak nutrienteren batean eta abar), horien arabera egokituta, preskripzioan zenbait gomendio dietetiko emateko.
Modu berean eragiten al digu guztioi?
Elikagai eta botiken arteko elkar eraginak pertsona bakoitzaren ezaugarrien (adina, sexua, gorputzeko pisua, herentzia genetikoa, nutrizio-egoera) eta tratatu beharreko patologiaren araberakoak dira. Halaber, kontuan hartzekoa da aldi berean beste botikaren bat hartzen den edo ez.
Edozein modutan, zenbait herritar-talde minberagoak dira botikak hartzen dituztenean elikaduran ondorioak izateko:
-Adinekoak izaten dituzten aldaketa fisiologikoengatik, euren nutrizio-egoeragatik, sarritan botika bat baino gehiago hartzeagatik eta botikekin akats eta nahaste gehien izateagatik.
-Haurdunaldian eta edoskitzaroan dauden emakumeak: fetuak eta haurtxoak botiken dosi baxuen aurrean duten minberatasunagatik.
-Gaixo kronikoak edo tratamendu luzeak dituztenak: bihotzeko, giltzurrunetako, gibeleko edo tiroideko gutxiegitasuna dutenak eta hipertentsiboak, asmatikoak, diabetikoak, transplantatuak, hiesa edo minbizia dutenak…
-Elikagairen bati alergia edo intolerantzia dioten pertsonak: esnea, arrautza, glutena eta abar. Botiken formulazioan erabil daitezkeenak.
-Immunoeskasia, malnutrizioa eta alkoholismoa duten pertsonak.
Beraz, hobe da sabela hutsik dagoenean botikak hartzea?
Ez dago modu orokor bat botika guztiak hartzeko, ezta gaixo guztientzako modu bakar bat ere. Beraz,ezinbestekoa da kasuan kasu osasun arloko profesionalaren aholkuei jarraitzea:
Medikuak gomendatuko du botikak baraurik edo otorduetan hartzea. Horrek esan du:
-Baraurik: gutxienez jan baino ordubete lehenago edo jan ondoren bi ordu igaro ondoren
-Otorduetan: jaten den bitartean edo jaten amaitu eta berehala.
Garrantzitsua da azpimarratzea botikaren bat hartzea ahaztuz gero, ez direla jarraibide horiek ahaztu behar; izan ere, digestio-aparatuan janaria egoteak eragin handia du botikak xurgatzean, eta, ondorioz, azkenean irensten dugun dosian ere bai.
Zein beste informazio eman behar diot medikuari botika berriren bat agintzen didanean?
-Aipatu normalean hartzen dituzun botika guztiak, gehigarri dietetikoak, bitamina eta/edo mineralak eta botika-landareak edo produktu “naturalak” deitzen direnak barne. Gogoratu botika asko medikuen errezetarik gabe eros daitezkeela, eta garrantzitsua dela medikuak horiek hartzen ari zarena jakitea.
-Ez ahaztu aipatzea dieta bereziren bat jarraitzen duzun, argaltzeko, zuntz ugarikoa, gatz gutxikoa… edota bitamina edo mineral asko dituzten elikagaiak (esate baterako kaltziodun esnea) eta/edo laxanteak hartu ohi dituzun.
-Gogorarazi medikuari elikagairen bati alergia edo intolerantzia diozun (laktosa, glutena, arrautza eta abar); izan ere, baliteke botiken formulazioan erabiltzea.
-Halaber, garrantzitsua da adieraztea kafearen, tearen eta alkoholdun edarien ohiko kontsumitzailea zaren, bai eta erretzailea zaren edota erretzeari uzten saiatzen ari zaren ere.
Zein jarraibide dietetiko eskatu behar dizkiot medikuari botika berriren bat agintzen didanean?
-Galdetu ea botikak baraurik edo otorduetan hartu behar dituzun.
-Argitu bakar-bakarrik urarekin hartu behar dituzun edo aldi berean infusio, zuku, jogurt eta bestelakoekin har ditzakezun.
-Galdetu ea elikagai, edari edo sukaldaritzako produktu edo teknika jakin batzuk saihestu behar dituzun, eta, halakorik egotekotan, zeintzuk hartu behar dituzun horien ordez.
ITURRIA: ELIKA, Nekazaritzako Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioa