ENDESAK IA BI URTE IRAUN DUEN “IRAKURKETA-TRUKE” BATENGATIK SOBERA KOBRATUTAKO 788 EURO ITZULI DITU

Hornikuntzak (argindarra, gasa, ura) erreklamazio gehien sortzen dituzten kontsumoko arloetako bat dira. Iaz, EAEn, laugarren postua hartu zuten (telekomunikazioen, etxetresna elektrikoen eta banku-zerbitzuen ondoren) 2.317 erreklamaziorekin, sektore guztien artean bildu ziren 23.128 erreklamazioetatik %10,02era helduz. Fakturazioan akatsak eta irakurketa okerrak dira kontsumitzaileek gehien salatzen dituzten arazoak hornikuntzen arloan, batez ere argindarrean eta gasean. Gaur azaltzen dugun kasua horietako bat da, eta ez nolanahikoa; izan ere, Endesaren kontagailuen nahasketa bat da antza, konpainiak “irakurketa-truke” deitu duen irregulartasuna.

EKA/ACUV-eko E.A.O. bazkide gipuzkoarrak etxebizitza bat dauka Bartzelonan, non urte batzuetan bere seme bat bizi izan zen, hantxe ikasle zegoelarik. Bertan hilabete batzuk zeramatzala, semea konturatu zen argindarreko hileroko ordainketak altuegiak zirela hark, etxebizitzan bakarrik biziz, egiten zuen kontsumorako. Bere kontsumo urria eta heltzen zitzaizkion fakturak egokigaitzak ziren, egokiezinak, eta susmatzen hasi zen agian ondoko etxebizitzan bizi zen lau kideko familiaren kontsumoa kobratzen ari ziola berari Endesak. Posible al da hori gertatzea? Bai, bada.

Endesaren aurrean gure bazkidearen erreklamazio-prozesua, lehen bere kabuz eta gero EKA/ACUV-eko Donostiako bulegoaren laguntzarekin, luzea eta konpainiaren aldetik isiluneez eta erantzun iheskorrez zipriztindua izan zen. Baina azkenik ondo amaitu zuen. Endesak bere akatsa aitortu zuen, “banatzailearen irregulartasuna, irakurketa-trukea”, eta 2012ko urria eta 2014ko abuztua bitartean sobera kobratutako 788 euroak itzuli zizkion E.A.O.-ri. Endesak onartzen duen “irakurketa-truke” hori al da gure bazkidearen semeak susmatzen zuen bere kontagailuaren eta ondoko etxebizitzako kontagailuaren arteko nahasketa? Konpainiak ez du hori zehaztu. Baina hori da dirudiena.

Utzi iruzkina