EPAITEGI BATEK 82 URTEKO ANDERE BATI IRREGULARTASUNEZ BETERIKO LIBURU-SALMENTA BAT ETA BERE FINANTZIAZIOA BALIOGABETU DITU

2016ko abenduaren 22an Santanderreko 82 urteko andere batek Ediciones Casals Poloko komertzialen bisita jaso zuen bere etxean eta 2.500 euroko kontratua sinatu zuen, Unión Financiera Asturianari ordaintzekoak 69,44 euroko 36 hileko kuotatan. Produktua: “Artearen historia 6000 (ondare artistikoa) bezala definitzen den zerbait gehi DVDak gehi ‘certificados’ eta telefono mugikor bat”.

Kontu korronteari heltzen ziren kuotak ez ordaintzeagatik finantza entitatearen erreklamazioen bidez anderearen seme bat salerosketaz jabetu zen eta uko egiteko eskubidea gauzatzen saiatu zen, alferrik ordea. Azkenean andereak eskaera judiziala jarri zuen saltzailearen eta finantzatzailearen aurka Santanderreko Lehen Instantziako 4. Epaitegian, zeinek joan den martxoaren 8an epaia eman zuen salerosketa kontratua eta hari lotutako finantziazio kontratua deuseztatuz eta enpresa biei andereak ordaindutako kantitateak itzultzera eta prozesu-kostuak ordaintzera zigortuz.

Epaitegiak irregulartasun-andana eta kontsumitzailearen eskubideen urratze mordoa aurkitu zituen Ediciones Casals Poloren jokabidean. Kontratuko-objetuaren zehaztugabetasuna azpimarratzen du epaitegiak: “Artearen historia-lan bat, bere egilea nor den eta bilduma osatzen duen liburuki-kopurua zein den zehaztu gabe, harekin batera doan DVD-kopurua ere zehaztu gabe, “certificados” horiek zer diren ere zehaztu gabe…”. Telefono mugikorrari dagokionez, kontratuak “ez du zehazten modelua ezta zenbakia ere zeintzuk diren…”. Are harrigarriagoa, finantziazio kontratuan mugikorra ez da agertzen, bai ordea “menaje” hitza, espezifikazio gehiagorik gabe.

Oraindikago: kontratuan enpresak jarritako helbidea (Oropesan, Castellonen) ez da benetakoa eta Ediciones Casals Polok ez du epaiketan ohiko saltokitik kanpoko salerosketa honetan bezeroari uko egiteko eskubideari buruz behar den informazioa eman ziola frogatu; hala izanda, eskubide hori gauzatzeko 14 egun naturaleko epea urtebetera luzatzen da.

Joan den maiatzaren 8an Expansión egunkariak epaiketa honi buruz argitaratu zuen albisteak zioen auzi-jartzaileak Ángel E. Sánchez Resina abokatu-bufetearen laguntza izan zuela eta bufete horrek hauxe esan zuela: “Resinak ohartarazi du kasu hauek ez direla soilik Kantabrian eman, izan ere elkarte autonomo ezberdinetan badira prozedura berdin-berdinak. Gertaeretako antzekotasunak ikerketa bat irekitzera eraman du Ministaritza Fiskala iruzur kasuak izan daitezkeelakoan, bezeroaren profila beti berbera izaten baita: bakarrik bizi diren eta errekurtsoak falta dituzten adineko pertsonak”.

Utzi iruzkina