‘Eskolarako buelta’ri buruzko zenbatespenak eta ‘iraileko aldapa’ arintzeko aholkuak
Ume ikasleak dituzten familientzat ‘Iraileko aldapa’ urtarrilekoa baino gogorragoa ere izan ohi da. Ikasturtearen hasierak gastu garrantzitsua dakarkie, ezinbestekoa baina baita arin daitekeena ere zentzuz jokatuz.
Ikasturtearen kostua asko aldatzen da kasuen arabera, faktore askoren menpe baitago: eskola publikoa, kontzertatua edo pribatua bada, Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza edo Batxillergoa bada, eskolara oinez ala autobusez joaten bada, jantokirako edo garraiorako diru-laguntzetarako eskubiderik bada, liburu berriak erosten badira ala bigarren eskukoak edo truke-programetan hartzen badira, eskolaz kanpoko jarduera asko edo gutxi hartzen badira… Hortaz, urtero eskolara itzultzearen kostuari buruz ematen diren zenbatespenak kontuz hartzeko aurreikuspen orokorrak besterik ez dira.
EKA/ACUVen balioztapenek, guk egindako galdeketetan eta beste batzuen inkestetan ere oinarrituak, 2017-2018 ikasturtearen kostua aurrekoarena baino apur bat altuagoa espero dela diote: 900 bat euro eskola publikoetan, 1.650 euro kontzertatuetan eta 3.600 euro ikastetxe pribatuetan, matrikulak (kontzertatuetan eta pribatuetan soilik), uniformeak (derrigorrezkoak ikastetxe pribatuetan), liburuak, eskolako materiala, arropa, oinetakoak, jantokia, garraioa eta eskolaz kanpoko jarduerak zerrendan sartuta.
Ikasturte osoko gastu hortatik %35 gutxi gora behera da irailean egiten dena, gastu asko ikasturtearen zehar banatzen baitira: jantokia, garraioa, jarduera asko… Irailean egin beharreko gastua, beraz, liburuak atal nagusia direlarik, ume txikientzat 350 eurokoa izango da bataz beste hastear dagoen ikasturte honetan, Lehen Hezkuntzan 450, Bigarren Hezkuntzan 480 eta Batxillergoan 500 eurokoa.
‘Eskolararako bueltan’ aurrezteko aholku batzuk
-Administrazioek (Eusko Jaurlaritza, Aldundiak, udalak) jantokirako, garraiorako edo bestelako gauzetarako ematen dituzten bekak ezagutu eta horietarako eskubiderik bada eskatu.
-Liburuen truke-programetan parte hartu berriak erosi beharrean.
-Udako beherapenen azken txanpa probetxatu arropa, oinetakoak edo eskolarako materialak erosteko.
-Erosi beharreko produktuen prezioak saltoki eta auzo ezberdinetan aldendu eskaintza onenaren bila, beti ere prezio-kalitate harremanari erreparatuz eta marka ospetsuen eta modaren erakargarritasuna alde batera utziz.
-Interneten bidezko erosketa ere baliagarria izan daiteke zenbait produktutan aurrezki polita lortzeko.
-Gastuak ikasturtearen zehar banatu ahal den neurrian. Ikasturte osorako arropa eta oinetakoak, adibidez, ez dira irailean derrigor erosi behar. Eskolaz kanpoko jarduera askoren ordainketa ere ikasturtean zehar mailaka daiteke.
-Udal askok antolatzen dituzten jardueretaz jakin, kasu askotan ikastetxeek egiten dituztenak baino merkeagoak izaten baitira.
-Ikasleen gurasoen elkartei informazioa eta laguntza eskatu, gai guzti hauetan asko dakite eta.