ETIKETAK OSAGAI GISA ERABILITAKO ESNEAREN JATORRIA ADIERAZI BEHAR DU
Berriki argitaratu da 1181/2018 Errege Dekretua, esnearen eta esnekien etiketetan osagai gisa erabilitako esnearen jatorria adierazteari buruzkoa. Arau horren helburua da arautzea Espainian egin eta bertan merkaturatzen diren esnearen eta esnekien etiketetan osagai gisa erabilitako esnearen jatorria nahitaez adierazteko beharra.
Gaur egun, etiketan esnearen jatorrizko herrialdea adieraztea borondatez jartzen den informazioa da; izan ere, Batzordeak ez du egintza legegilerik onartu, etiketan jatorria jarri behar izatearen aukerari buruzko txostena aurkeztu ondoren. Jatorriari buruzko informazio hori nahitaezkoa da hura ez adierazteak kontsumitzailea nahas dezakeenean bakarrik.
Kontsumitzaileari ematen zaion elikadura-informazioari buruzko 1169/2011 (EB) Erregelamenduak estatu kideak gaitzen ditu estatu-mailako neurriak sartzeko jatorrizko herrialde edo lekua adierazi behar izateari buruz.
Kontsumitzaileei eginiko inkesten emaitzen bitartez, egokitzat jo da arlo hori arautzea, era esperimentalean, bi urtez, inguruko beste estatu kide batzuetan ezarritako antzeko araudiekin bat etorrita. Horren guztiaren helburua da informazio osoagoa ematea lehengai gisa erabilitako esnearen jatorriari buruz, kontsumitzaileak errazago baliatu dezan erosketa aukeratzeko eskubidea.
Aplikazio-eremua
1. Errege Dekretu horren xedapenak ontziratuta merkaturatzen diren esne eta esneki mota guztien etiketei aplika dakizkieke.
2. Esnearen jatorria adierazte aldera, honako xedapen hauek ezartzen dira:
•“Esnea” izango da soil-soilik jetzialdi batetik edo gehiagotatik lortutako errape-jariakina, adiziorik edo erauzterik gabe.
•Hornidurarako animalia-espezie guztietatik datorren esnea hartzen du barne.
•Erabilitako osagai guztiei dagokienez, osagai gisa ehuneko 50etik gorako ehunekoa duen esnearen jatorria adieraziko da, pisuan adierazita.
3. Errege Dekretu horrek ezartzen duen jatorriari buruzko adierazpena borondatezkoa izango da.
Etiketatzea. Esnearen jatorria adieraztea
1. Etiketak honako nahitaezko adierazpen hauek izango ditu osagai gisa erabilitako esneari buruz:
a) Zein herrialdetan jetzi den.
b) Zein herrialdetan eraldatu den.
c) Jezte- eta eraldaketa-eragiketak herrialde berean gertatzen direnean: Esnearen jatorria: (esnea zein lekutan jetzi eta eraldatu den).
d) Jezte- eta eraldatze-lekuak honako eremu geografiko hauetako bat aipatuz adieraziko dira:
•Estatu kideak edo beste herrialde batzuk;
•“EB·” edo “EBtik kanpo” edo “EB eta EBtik kanpo”.
•“Espainia”.
2. Aipamenak osagaien zerrendatik gertu agertuko dira eta osagaien zerrenda egiteko erabilitako letra-tamaina eta -kolore bera erabiliz adieraziko dira.
3. Etiketan osagaien zerrendarik agertzen ez bada, elikagaiaren izenetik hurbil agertuko dira eta tamaina eta kolore bereko karaktereekin adieraziko dira.
4. Adierazpenak ezin dira disimulatuta edo estalita egon, eta ezingo dituzte bereizi beste adierazpen, irudi edo elementu batzuek.
Borondatezko informazio osagarria
Elikadura-enpresetako langileek nahitaezko adierazpenak osatu ahal izango dituzte informazio osagarri zehatzagoarekin, esnearen eskualde- edo lurralde-jatorria adierazita, esnea adierazitako jatorrikoa bada osorik eta baldin eta eskualde edo lurralde horren izena ez bada babestutako izen bat.
Errege Dekretu honen xedapenak zein produkturi aplikatzen zaizkien
•Esnea eta esne-gaina, kontzentratu gabeak, azukrea bota gabeak edo bestela edulkoratu gabeak.
•Esnea eta esne-gaina, kontzentratuak, azukrea botatakoak edo bestela edulkoratuak.
•Gurin-seruma, gatzatutako esnea eta esne-gaina, jogurta, kefirra eta hartzitutako edo azidotutako gainerako esne eta esne-gainak, baita kontzentratuak, azukrea botatakoak edo bestela edulkoratutakoak edo aromatizatutakoak, edo fruta edo kakaoa dutenak ere.
•Gazur-hautsa, baita kontzentratua, azukrea botatakoa edo bestela edulkoratutakoa ere; esnearen osagai naturalekin osatutako produktuak, baita azukrea botatakoak edo bestela edulkoratutakoak ere, beste partida batzuetan adierazi edo sartu gabeak.
•Gurina eta esnearen gainerako gantz-materiak; igurzteko esne-pastak.
•Gaztak eta gaztanbera.