Etxearen isolamendua eta leihoak
Geure etxebizitzetako energia-kontsumoa murriztu nahi badugu, isolamendu termikoa funtsezkoa da. Etxebizitza isolatzeko hobekuntzek % 30-40 bitarteko energia eta dirua aurrezten lagun diezagukete.
Isolamendu termikoaren (kanpoko itxitura opakoen eta kristalezko itxituren) kantitateak eta kalitateak gure etxebizitzaren energia-kalitatea zehaztuko dute. Zehazki, leihoa da eraikin edo etxebizitza baten inguratzailearen punturik ahulena, eta bertatik joaten dira energia-galerarik handienak. Leihoak berritzea da eraikinaren energia-eskaria nabarmen hobetzeko eta, ondorioz, ekonomian eta energian aurrezteko modurik eraginkorrena. Horretaz gain, etxebizitzen erosotasun termikoan ere hobetzea lortzen da.
Itxitura opakoen kasuan, honako hauetan egin daitezke isolamendua hobetzeko lanak:
-Fatxadetan: hormetan material isolatzaile termikoa ezarriz, dela kanpoaldean, dela barnealdean, dela horman bertan injektatuta.
-Estaldurak: trenkadatxoetan, egurrezko habeen artean, arrasteletan… isolamendu termikoa ezarriz, teilak isolatzaile termikoari atxikiz, lorategi-estalduretan zoru flotagarria erabiliz, etab.
–Behegainak eta sabaiak: berotuta ez dauden espazioekin kontaktuan, lurzoruaren gainean edo kanpoko giroarekin kontaktuan dauden zoruetan eta sabaietan isolatzaile termikoa ezarriz.
–Eraikinetako eremu erkideekin banatzeko hormak: eskailerako zuloekin, igogailuekin, eskailera-buruekin eta abarrekin banatzeko hormetan isolamendu termikoa ezarriz.
Isolamendu termikoari esker:
–Energia aurreztuko dugu: etxebizitzan hotz eta beroa galtzea murriztuko dugu eta, ondorioz, gelak hoztu edo berotzeko energia gutxiago behar izango dugu. Horri esker, energia-fakturan dirua aurreztea lortuko dugu.
–Etxebizitza babestuko dugu: kondentsazio-arriskuak kendu eta ezaugarri termikoak hobetuko ditugu.
–Erosotasuna hobetuko dugu: termikoki isolatutako etxebizitzak erabiltzailearen ongizatean laguntzen du, udan nahiz neguan etxebizitzako erosotasun-tenperatura mantentzen du eta. Kanpoko hormetan izaten den “horma hotzaren” efektua desagertu egiten da.
–Ingurumena babestuko dugu: termikoki ondo isolatuta dagoen etxebizitzak energia-kontsumoa murrizten duenez, berotegi-efektuko gasen isurketak ere murrizten ditu.
Aholku batzuk
-Etxebizitzaren itxiturei (sabaiari, hormei, zoruei) eragingo dieten berritzelanak egiten dituzunean, aprobetxatu eta ezarri isolamendu termikoa.
-Gauez pertsianak jaitsi, kanpora berotasun gutxiago joateko.
-Pertsianen kutxek ondo isolatuta egon behar dute, zirrikiturik gabe.
-Egiaztatu ez dagoela aire-korronterik leihoetan, ateetan edo kanpoko airea sartu ahal den lekuetan. Eta kanpotik airea sartzen dela antzemanez gero, estali zirrikituak silikonaz, mastikaz edo burletez.
-Leihoak material isolatzailez (PVCz, poliuretanoz edo egurrez) eginda egon daitezela, edota zubi termikoaren etenarekin bestela (metalikoetan). Beira bikoitza eduki dezatela, beiren transmisio-faktore termikoaren* balioa 1,40 W/m2 K edo txikiagoa izanik.
* transmisio-faktore termikoa: tenperatura desberdinetan dauden bi giro banatzen dituzten elementuetan zehar igarotzen den beroaren fl uxua adierazten du. Balio hori zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta eraginkortasun termiko handiagoa du itxiturak.