Familia bat zortzi egunez egon da ostatu batean EDP Naturgasek okerrez argindarra eta gasa mozteagatik
O.R.V., bere emaztea eta haien hiru seme-alabak Abanto-Zierbenan (Bizkaia) bizi dira eta beste etxe bat dute Burgoseko Espinosa de los Monterosen, etxe bietan argindarra eta gasa EDP Naturgasekin kontratatuta daudelarik. Otsailarean amaieran O.R.V.-k konpainiari eskatu zion horniketa biak Espinosako etxean moztea, baina EDP okertu zen eta otsailaren 28an Abanto-Zierbenako etxean moztu zituen argindarra eta gasa, eta, ulertezina badirudi ere, bederatzi egun, martxoaren 9 arte, berandutu zuen horniketa bien berrezarpena.
Hortaz, familia hau gertuko ostatu batean zortzi egunez egon behar izan da eta etxera itzulitakoan hozkailuan eta kutxazar izozkailu handi batean zegoen janari-kantitate handia erabat ustelduta, galduta, aurkitzen du. Herriko KIUB-en laguntzaz, O.R.V.-k erreklamazio bat zuzentzen dio EDPri hauxe eskatuz: ostatuan emandako zortzi gauengatik ordaindutako 1.188 euroak, bertan ere familia osoak egindako gosari, bazkari eta afariengatik ordaindutako 1.180 euroak eta 668 euro etxean argindarrik gabe zabor bihurtu den janariagatik. Erreklamazioan ostatuan gastatutakoaren fakturak eta galdutako janariaren zerrenda zehatz bat (elikagai bakoitzaren balorazioarekin) daude atxikita. Janari gehiena erosia zen eta gainontzekoa familiak duen baratze batetik hartua.
Espinosako etxean beharrean familia bizi den Abanto-Zierbenakoan argia eta gasa moztearen akats ikaragarria izanda eta horniketak berreskuratzeko bederatzi eguneko epea ere harrigarria izanda, EDP Naturgasek ez du inolako eragozpenik ipintzen ostatuko gastuak (2.368 euro) familiari ordaintzeko, baina galdutako elikagaiengatik O.R.V.-k eskatzen dituen 668 euroen aurrean 250 besterik ez ditu eskaintzen konpainiak. Aldea handia da, baina erreklamatzaileak ez ditu erosi zituen jakien tiketak eta bere ortuko produktuen balorea ere ez du justifikatzeko modurik. Nola baina? Eta frogagiri horiek gabe nekez irabaz zezakeen galdutako janariagatik berak baloratzen duen dirua berreskuratzeko eskaera bat Kontsumoko Arbitrajean edo epaiketa batetan. Beraz, EDP-k kalte-ordainean eskaintzen dizkion 2.618 euroak onartzea erabaki du amaieran O.R.V.-k.