Familia-nekazaritza: elikagaien segurtasuna bermatzeko eta pobreziaren zati bat desagerrarazteko irtenbidea
Familia Nekazaritza (familian oinarritutako nekazaritza-jarduera guztiak barne hartzen dituena) nekazaritza, basogintza, arrantza, abeltzaintza eta akuikulturako ekoizpena antolatzeko modu bat da, familia batek kudeatua, eta batez ere familiako eskulanaren mende dagoena, bai emakumeena, bai gizonena. Familia eta abeletxeak loturik daude, elkarrekin eboluzionatzen dute eta funtzio ekonomiko, ingurumen, sozial eta kulturalak konbinatzen dituzte. Horrela definitzen du kontzeptua Nazio Batuen Erakundeak 2014an sortutako Nazioarteko Zuzendaritza Batzordeak (Familia Nekazaritzaren Nazioarteko Urtea). Batzorde horrek elikagaien ekoizpen iraunkorra sustatzeko bidea ezarri zuen, elikagaien segurtasun handiagoa lortu eta pobrezia desagerraratze aldera. Hala, 2019tik 2028ra bitarteko epeari familia-nekazaritzaren hamarkada esleitu zioten, politika eta inbertsio publikoen garapena sustatzeko aukera historikoa.
Familiako nekazariek, gainera, garrantzi handiko eginkizun sozioekonomiko, ingurumen eta kulturala dihardute, eta garapen iraunkorraren, pertsonen eta planetaren aldeko apustua egiten dute. Familia-nekazaritzak enplegua sortzen du ustiategien barne eta kanpo, landa-ekonomia hazten lagundu, despopulazioa saihetsi eta lurraldea egituratzen du. Ildo horretatik, biodibertsitatea eta ekosistemak kontserbatzen eta lehengoratzen ditu, klima-aldaketaren arriskuak murrizten edo saihesten lagun dezaketen ekoizpen-metodoak erabiltzen ditu, eta belaunaldien arteko ezagutza- eta tradizio-segida bermatzen du.
NBEko Batzordearen ebazpenak emandako datuen arabera, planetako elikagaien % 80 baino gehiago ekoizten ditu, eta familia-ustiategiek kudeatzen dituzte lurrak mundu osoan. Kasu honetan ere, ezin dugu alde batera utzi emakumeen papera, eskulanaren ia erdia gauzatzen baitute, eta, hala ere, landa-eremuen % 15aren titularrak baino ez dira. Hori dela eta, ezinbestekoa izan da ekoizpen-mota horrek leku ona izatea 2030erako finkatutako Garapen Iraunkorraren agendan eta horren helburuetan, hamarkadaren amaierarako ezarritako 17 jarraibideetatik hamarretan lotura zuzena izanik. Hori betetzeko lur, ur, azpiegitura, merkatu eta finantza-zerbitzuetarako sarbide egokiak bermatu behar dituzte, gazte eta emakumeengan arreta berezia jarriz.
Mundu hobeagoa lantzeko kanpaina
Eusko Jaurlaritzak kanpaina bat jarri du abian alor horrek EAEn duen garrantzia nabarmentzeko, HAZI eta EKA/ACUV partaide den Euskadiko Familia Nekazaritzako Eskualde Batzordearekin batera. Halaber, nekazaritza eta abeltzaintzako profesionalen lana balioesten du, egiten duten lanaz harro dagoen sektore baten irudia transmitituz, gure ingurunea mantentzeko funtsa. Bere balio estrategikoa azpimarratzen da, gure gizartearen erronka handiei erantzuteko garrantzitsua: elikadura osasungarria, krisi klimatikoa, lurraldearen egituraketa, iraunkortasun ekonomikoa eta biztanleriaren ongizatea. Kanpaina dagoeneko ikusgai da euskarazko eta gaztelaniazko spot baten bidez, eta hala segituko du promozioak hilabete honetan zehar.