Gure etxeetan armategi kimiko bat dugu bizikide
Gero eta gehiago dira berezitasun ezberdineko mediku zein zientzialariak jaiotzean gaixotasun larriak (alergia, asma, diabetea, akatz fisikoak…) dituzten umeen kopuruaz ohartarazten digutenak, iturburutzat aldaketa genetikoak edo belaunaldikoak izan ezin dituztenak eta gure eguneroko bizitzan eta bereziki gure etxebizitzetan gero eta maizago pairatzen ditugun osagai toxiko artifizialen ondorioak izan litezkeenak ziurtatzen dituztenak. Erreportaje honetan bi ikerketa berrik eman dituzten datu esanguratsuak aipatzen ditugu, hain argigarri zein kezkagarriak, eta zenbait aholku eta hatz eskaintzen ditugu gure etxeetan ia guztiok dugun armategi kimikoa ahal den gehien gutxitzen saiatzeko.
Joan den urteko urriaren 16an, mundu osoko komunikabide askok Estatu Batuetako Ingurunearen Babeserako Agentziak burututako txosten baten emaitzak argitaratu zituzten, izenburu batetan (deigarria bezain kezkagarria) laburbilduta: “Gure etxeen aireak kalekoak baino hamar aldiz gai kutsakor gehiago izan ditzake”.
Berria deigarria da eta sinesgaiztasuna sor diezaioke, behintzat kaleko airea etengabe mugitzen dela, baina etxe askorenetakoa askoz gutxiago berriztatzen dela eta, gainera, ia etxe guztietan dagoen armategi kimikoaren hatsez gainezka dagoela pentsatzen ez duen irakurleari.
Etxea garbitzeko erabiltzen ditugun garbiketa produktu gehienek, norbanakoen garbiketarako direnek, margoek, elikagaien konserbagarriek, material sintetikoek… gai kimikoak dituzte (usaina, egitura, suaren aurkako erresistentzia, xaflakortasuna edo orbanen edo uraren aurkako ezaugarriak ematen dizkietenak…) osasunerako kaltegarriak direnak eta gure gorputzetan arnasbidetik edo azalaren bidez sartzen direnak, ftalatoak bezalakoak (PVCak askatzen dituenak), bisfenol A edo fluor duten eta oso kaltegarriak diren konposatu asko. Eta hori kexkagarria da oso.
Ikerketaren erantzule diren zientzialariek ohartarazten dute horiek eta egunero erabiltzen ditugun beste substantzia batzuk organismoaren oreka aldatzen dutela eta osasunerako oso kaltegarriak izan daitezkeela, bereziki ernaldian aurkitzen diren umekientzat, ume txikientzat eta nerabeentzat.
Zientzialari hauek aipatzen dituzte, adibidez, disruptor hormonalak, produktu kosmetiko eta higiene pertsonalerako produktu anitzetan aurki ditzakegunak, gure berezko hormonak antzeratzen edo blokeatzen dituztenak, gure gorputzaren atal nagusietara informazioa eramateko arduradunak direnak, eta hazkundea edo ugalketa bezalako funtzio garrantzitsuak kontrolpean mantentzeko arduradunak direnak.
Ildo berean, 2013ko otsailean Osasunerako Mundu Erakundeak eta NBEen Ingurunerako Programak (PNUMA) txosten bat argitaratu zuten zeinetan arrisku hauek ez direla behar bezala kontutan hartzen ari ohartarazten duen eta disruptor endokrinoak “ekidin beharreko erabateko mehatxuak” direla ziurtatzen duen.
Kosmetika arriskutsua
Aipatutako ikerketa baino arinago beste bat plazaratu zen, europarra hau, BEUC-en (Bureau européen des unions de consommateurs) batutako kontsumitzaile elkarte ezberdinek burututa eta kosmetika eta norbanakoen higienerako produktu sorta batetan arreta ipinita, ia etxe guztietan aurkitu ahal ditugunak.
Ikerketa hau, “Endocrine disrupting chemicals – analysis of 66 everyday cosmetic and personal care products” izenburua zutena, marka anitzeko 66 produktu ezberdin aztertu zituen, zeinen artean, batez ere, gorputzerako lozioak, ezpain-barrak, aurpegirako kremak eta xanpuak aurkitzen ziren. Jakin nahi zen substantzia kimikoz zer nolako kopurua zuten konserbagarri, ultramore iragazki, emultsionatzaile eta bakteria eragile bezala erabiltzen diren aipatutako produktuek eta Europar Batasunean (euren mugekin) onartzen diren substantziak baina ingurunea kutsatzeko eta gizakion osasuna kaltzetzeko mediku eta zientzialarien susmoarenpean aurkitzen direnak.
Ikerketak 20 molekula ezagun eta disruptor endokrinoak izateko susmagarri batzuk aurkitu zituen, baita produktu kimiko kezkagarri batzuk ere, phenoxyethanol bezalakoa, zeinek beste gauza batzuren artean kosmetikoetan kontserbagarri bezala erabiltzen den. Substantzia hauek aztertutako produktu bakoitzean muga legalen azpitik aurkitzen dira. Hau da, produktu horietariko bat erabiltzeak ez digu kalterik egingo.
Probatu gabeko eta ondorio ezezagunak dituzten substantzien pilaketa
Kontua da pertsona gehienok (gehiago emakumeek gizonek baino) egunero era honetako produktu batzuk erabiltzen ditugula: gorputzerako lozioa, aurpegirako krema, errimela, makilajea, usain-kengarriak, hortzetako pasta… Era honetan, gizakion soinean inoiz ez egiaztatutako gai toxikoen nahasketa oso garrantzitsu bat jasotzen dugu edo jaso dezakegu. Era horretako produktuak, merkaturatuak izan baino lehen, bakoitza bere aldetik frogatzen dira.
BEUC-en ikerketan parte hartu duten endokrinoak kezkatuta azaldu ziren emaitzengatik. Ikerketan aurkitutako eta gehien kezkatzen zuten partikulen artean UV ethylhexyl methoxyciunnamate iragazkia eta propilparabenoa nabarmentzen dira, zeinek aztertutako 66 produktuetatik 28tan aurkitu ziren. Gizakion gorputzak zenbait produktu naturaletan azaltzen diren parabenoak, ahabietan adibidez, erraz asimilatzen ditu, baina ez da gauza bera gertatzen kosmetikan erabilitako parabenoekin, artifizialak direnak eta petroleoaren deribatuak direnak.
Triklosana ere aipatzen dute, estrogeno ondorioak dituen bakterien aurkako eragilea, tiroidesaren ingurunean ondorioak izan ditzakeena eta zenbait hortzetako pastetan aurkitu zena. Ikerketaren egileek “Endocrine disrupting chemicals – analysis of 66 everyday cosmetic and personal care products” balizko arrisku ezberdina dela eta, produktuen inguruan bi sail eratzen dituzte: denbora anitz azalean mantentzen direnak, aurpegirako kremak, usain-kengarriak, edo gorputzerako lozioak bezalakoak; eta behin erabilita uretan eragiten diren produktuak, xaboia, xanpua eta hortzetako pasta bezalakoak. Lehenak bigarrenak baino arriskutsuagoak dira.
Kezkak eta alternatibak
Gaiak kezkatzen bagaitu, egin beharreko lehena informazioa lortzea da. Arreta handiz irakurri behar dugu kosmetiko eta norbanakoen higienerako produktuen etiketa. Ikerketaren egileek, adibidez, disruptor endokrinoak (inguruneko estrogenoak, xenoestrogenoak, modulatzaile endokrinoak, ekoestrogenoak, ingurunearen hormonak…), fenoxietanol, tilexil methoxidinamate (octinoxatez ezagutzen dena), propilparabeno (E-216) edo triklosan (batzutan CH-3565 edo CH 3635 bezala azaltzen da) dituzten produktuak ekiditea gomendatzen dute. BEUCen ikerketak haurdunei, batez ere haurdunaldiaren lehen hiru hilabeteetan, kosmetikoen erabilera ahalik eta gehien gutxitzea eta lurrinak dituztenak guztiz ekiditea. Umeek haientzat bereziki ekoiztutako produktuak erabili behar izango lituzkete, osagai toxiko gutxiago dutelako; eta inork ez luke erabili beharko egun berean ondorio bera duten bi produktu edo kopuru handiagorik: gorputzerako krema eta gero eguzkirako krema adibidez.
Aholku gehiago: bilatu (badirelako) “parabeno gabekoak”, “koloratzailerik gabe”, “sulfatorik gabe”… esaldiak azaltzen dituzten higiene eta kosmetika produktuak. Hobe oraindik: egiaztatutako kosmetiko organikoak erabiltzea, naturalak, osagai toxikorik erabat ez dituztenak edo maila minimoetan dituztenak. BEUCk berak ez du inolako problemarik marka zehatz batzuk gomendatzeko: Bdih, Ecocert, Natrue, Cosmebio…
Ikerketa osoa www.beuc.org weborrialdearen “Safety & sustainability” atalean dago.
Informazio zehatza Greenpeacen “Toxikorik gabe erosteko gida”n
Greenpeace Españaren web orrian, “Toxikorik gabe erosteko gida” aurki daiteke, 2004ean lehenengo aldiz argitaratua, garbiketa, kosmetika eta higiene produktu anitz zehatzen (marka anitzekoak, gehienak oso ezagunak) eta ia etxe guztietan aurki daitezkeen gailuen (ezpain-barra, lurrin, xanpu, krema hidratatzaileak, bizarra mozteko aparra, zapatilak, umeentzako produktuak (jostailuak), plater-ikuzgailuak, garbigarriak, margoak, telebistak, bideoak eta mugikorrak) toxikotasun edo haren gabeziari buruzko datuak eskaintzen dituena. Sail bakoitzean marka batzuk daude eta bakoitzaren ondoan txartel berde, anbar edo gorri bat dago. Berdeak ekoizleak Greenpeaceri produktuak kimiko arriskutsurik ez duela ziurtatuz erantzun diola adierazi nahi du. Anbarrak, ekoizleak produktuak kimiko kaltegarriak dituela onartzen duela baina epe zehatz batetan kenduko dituela adierazi nahi du. Gorriak, ekoizleak ez duela erantzun edo bere produktuak kimiko arriskutsuak dituela eta ez duela aurreikusita kimiko horiek kentzea adierazi nahi du.
Vivo Sano Fundazioa: “Zure etxeak gaixotu ez zaitzan!”
“Gure etxeek duten eduki kimikoak parekotasun gutxi du gure arbasoen etxeek zutenarekin. Haien barruan substantzia koktel oso korapilatsua aurki dezakegu, haietariko asko gure gorputzetara igaro daitezkeenak. Non aurkitzen dira substantzia hauek? Nola heltzen dira gure etxeetara? Zeintzuk dira ditugun alternatibak?”. Horrela dio Carlos de Prada-ren, “Hogar sin tóxicos” liburuaren aipamenak, Vivo Sano (www.vivosano.org) Fundazioaren weborrian iragarria. “Liburu honek era argi, praktiko eta errazean aholkuak, gomendioak eta alternatibak batzen ditu, zeinek irakurleei euren etxeen karga toxikoa gutxitzea, etxe osasuntsuagoa lortzea eta ahulenak direnak, umeak eta haurdunak bezalakoak, babestea ahalbidetuko dieten”.
Vivo Sano Fundazioa erakunde independientetzat definitzen da, ekimen pribatukoa eta irabazasmorik gabekoa, osasunera zuzendua, eta “gizarte osasuntsuagoa sortzeko, non pertsonak euren bizitzen zentzu guztietan ondo egon daitezen, osasun fisiko zein mental ona gozatuz, erlazio konstruktiboak eratuz, ingurua osasuntsuan bizi gaitezen lan egiten duena”. Eta guzti hau “gorputz, buru eta inguratzen gaituen ingurunerako ohitura osasuntsuak sustatuz, medinkuntza osagarrian oinarritutako osasun arreta eredu berri bat bultzatuz, eta instituzioek eta legegileek, beste edozeren aurrean, hiritarren osasuna aurretik jar dezatela zainduz” egiten du.
Bere weborrian informazio zabala dago orrialde hauetan jorratzen ari garen gaiari buruz. Badira aholku on asko gure etxeetan dugun armategi kimikoa eta haren ondorioak gure osasunarengan gutxitzen saiatzeko. Hurrengoak haietariko batzuk dira:
-Etxean ahalik eta garbiketa produktu gutxien edukitzea.
-Girotzaile sintetikoak ez erabiltzea.
-Ahalik eta gutxien erabiltzea spray eran azaltzen diren garbiketa produktuak.
-Garbiketa produktu ekologikoak erabiltzea, egon badira.
-Etxea egunero aireztatu. Gela bat 10 minututan erraz aireztatzen da.
-Ez erabili PVC gehiegi. Hobeagoak dira osagai naturalekin (egurra) egindako altzariak.
-Margo ekologikoak erabiltzea.