Orangek ez du kontratu bat betetzen eta bezeroari kontratu hortatiko zor bat kentzea onartzen du
Joan zen udaberrian, EKA/ACUVeko S.G.C. bazkideak telefonia finkoko linea bat, ADSL eta telefonia mugikorreko linea bat kontratatu zituen “pack” batean eta sakeleko telefono bat erosi ere bai. Mugikorra badabil hasieratik, baina ADSL eta telefono finkoa ez.
Egun batzuk hala igaro, finkoa eta ADSLa mutu, eta S.G.C.-k telefonoz deitzen du Orangera konpainia uzten duela esanaz eta jarraian haren denda batera doa routerra eta sakeleko telefonoa itzultzeko asmoz. Routerra hartzen diote, baina ez mugikorra, “kontratu bat indarrean duzulako” esaten diotelarik, Orangek hiru zerbitzuetatik bi eman gabean larriki urratu duen kontratua hain zuzen ere. Konpainiako beste denda batera doa orduan gure bazkidea eta horretan ere mugikorra hartzeari uko egiten diote. Zergatik routerra bai eta mugikorra ez? Orangek jakingo du. Hortaz, S.G.C. mugikorrarekin geratzen da eta operadoraz aldatzen du.
Handik gutxira, gure bazkideari I.S.G.F. Informes Comerciales, S.L.k bidalitako gutun sinple bat, zertifikatu gabe, heltzen zaio, non Orangerekin telefono mugikorraren prezioa zen 242 eurotako zor bat duela gogorarazten zaio eta ordaintzen ez badu berankorren fitxategi batean sartuko dutela, eskaera judizial bat jarriko diotela eta mugikorreko zenbakia kenduko diotela esaten zaio. S.G.C.-k erantzun ez eta berehala bigarren gutun bat heltzen zaio mezu berberarekin eta lehenengoan aipatu ondorioak sahiesteko 242 euroak ordaintzeko astebeteko epea duela gehituz.
Bigarren ohartarazpenari erantzuten dio. EKA/ACUVek aholku hartuta, S.G.C.-k zorra egiaztatuta ez dagoela aurpegiratzen dio Orangeri eta legeak kasu hauetarako agintzen duen moduan (burofaxen bidez eta kontratuaren kopia bat atxikita) ez diola helarazi ere bai. Beraz, bost egun pasa baino lehen zorra bertan behera uztea eta bere datu pertsonalak ezabatzea exigitzen dio gure bazkideak enpresari, bestela Datu Pertsonalen Babesteko Agentziara joko duela ohartaraziz ere. I.S.G.F. Informes Comerciales, S.L. enpresaren erantzuna berehalakoa da, egun berean: zorra kobratzeko kudeaketa bertan behera uzten duela; Orangek jakingo du zorra eskatzean tematuko denentz… Hura maiatzaren 18an gertatu zen. Ordutik hona S.G.C.-k ez du Orangez, berankorren fitxategietaz edo eskaera judizialaz ezer jakin. “Orangek kontratatutako zerbitzuak ez emanaz eta mugikorraren itzulpena ez onartuz oso gaizki jardun zuela onartu zuelakoan nago eta horregatik pakean utzi nauela”, komentatzen du gure bazkideak.