Signo Editores, agresibitate komertziala etxez etxe
EKA/ACUVeko bulego nagusian, Bilbon, eta Enkarterrietako KIUBan Signo Editores enpresaren maulen biktima sentitzen diren kontsumitzaile askoren kexak eta erreklamazioak jasotzen ari dira. “Diseinuzko bildumetan espezializatutako argitaletxe” horrek (Pozuelo de Alarconen, Madrilen, egoitza nagusia eta Basauriko Artunduaga industrialdean toki bat dituena) liburuak eta aldizkariak ez ezik bururdiak, gimnasia-gailuak, ordenadoreak, tabletak, bizikletak, besaulkiak, sofak, baporetak, irabiagailuak… saltzen ditu etxez etxe oso teknika agresiboak erabiliz.
Kasu batzuk bidaltze-gastuengatik euro gutxiren truke liburu baten “opariarekin” hasi eta aipatu artikulu horietako batzuk erosteko (saltoki normaletan baino garestiago) 3.000 eta 4.000 euro arteko kontratuekin amaitu dira, biktima gehienak adineko pertsonak izanda. Signo Editoreseko komertzialek liluratzen eta engainatzen dituzte, presio psikologikoa ere erabilita, eskatu, behar eta nahi ez zituzten produktuak erosteko kontratuak (normalean erosketa epeka ordaintzeko mailegua bereziak ere hartuta) sinatzea lortu arte. Erosle batzuk esan digutenez, sinatu zutenean ez zuten inolaz ere argi zertan sartzen ari ziren.
EKA/ACUVeko abokatuek eta Enkarterrietako KIUBak kontratu horietatik batzuk bertan behera uztea lortu dute Signo Editoreseko “bezero” damutuei saltokietatik kanpoko salmentan dagoen “atzera egiteko eskubidea” gauzatzen lagunduz. Etxez etxe edo Internetez egindako erosketak eta kontratazioak atzera bota daitezke sinadura egunetik aurrera 14 egun naturaleko epean. Horretarako nahikoa da enpresara telefonoz deitzea “atzera egiteko” eskubidea gauzatu nahi dela esanaz. Baina, askotan, etxeetan bertan produktuak eta zerbitzuak saltzen dituzten enpresa hauek ez dute telefonoa hartzen. Horregatik, kontratua desegiteko biderik seguruena saltzaileari burofax bidaltzea izaten da.
Signo Editoresekin eta honelako etxez etxeko merkataritza agresiboaren aurrean (gas, telefonia eta argindarreko komertzialen bisitak ere hortxe sartuta, nahiko arazo eta erreklamazio ere sortzen dituztelako) EKA/ACUVen aholku nagusia da arretarik ez ematea, etxera sartzen ez uztea. Sartzekotan eta kontsumitzailei eskaintza interesgarria irudituz gero, ez sinatu une horretan, inolaz ere lehen bisitan; komertzialei informazioa uzteko eskatu (publizitatea, kontratuak…) sakonki aztertzeko, artikuluen prezioak dendetan dauden antzeko produktuen prezioekin aldentzeko… erosteko erabakia hartu baino lehen. Kontratua sinatu eta berehala damutzen direnentzako aholkua: ahalik eta lasterren atzera egiteko eskubidea gauzatzea, bere kabuz edo kontsumitzaileen elkartei, KIUBei edo Kontsumobideri laguntza eskatuz. Eta saltzaileak atzera egiteko eskubidea ukatzen badu, eskaera judiziala aurkeztu.
EKA/ACUVek kontsumoarekin eta merkataritzarekin zerikusi duten administrazioei eskatzen die honelako enpresen gaineko jagoletza areagotzea eta merkataritza agresiboa eta abusuzkoa (gainera kontsumitzaile ahulenekin, zaharrekin, grinatzen dena) aurkitzen zaionari zigor zentzagarriak ipintzea eta ixtera behartzea ere horretan berrerorlea bada. Mota honetako enpresa asko inpunitate osoarekin “lanean” ari dira aspalditik eta horien biktimen zerrenda gero eta handiagoa da. Signo Editoresek (lehen Ediciones Rueda zena), adibidez, Interneten argitaratutako albiste asko eta kontsumitzaileen foroetan ipinitako salaketa sorta luzea pilatzen du.