Vodafonek fibra optikoaren instalazio “fantasma”gatik kobratutakoa itzuli dio erabiltzaile bati
Hornikuntzak (gasa, argindarra, telefonia-Internet…) kobrantza okerrengatik erreklamazio gehien sortzen duten merkatal arloetako bat dira, horietatik asko kontratatutako zerbitzuetan egindako kontsumoa baino gehiagoko fakturazioak direlarik. “Oker” hauetaz konturatzen diren erabiltzaileak asko haserretzen dira, arrazoi osoz, eta gehienek erreklamatzen dute. Beste asko ez dira ohartzen fakturei edota kontu korronteari erreparatzen ez dietelako eta hilabeteak edo urteak ere egoten dira behar baino gehiago ordaintzen. Noizean behin “akatsa” haratago doa, kontratatu ez den eta prestatzen ez den zerbitzu bat kobratzeraino. Vodafonek egindako horrelako “oker” baten biktima izan da EKA/ACUVeko bazkide bat.
J.J.U.k konpainia horrekin zuen kontratatuta ADSL zerbitzua. Bapatean, joan den martzoaren fakturan, 102,44 euroko kargua ikusten du gure bazkideak kontratatu ez duen eta egin ez den “fibra optikoaren instalazioagatik”. Haserre bizian eta EKA/ACUVen laguntzaz, erabiltzaileak ustezko instalazio horri bere baimena hartzen duen idatzizko kontratuaren edo soinu-grabazioaren (telefonozko kontratazioa) bidalketa eskatzen dio Vodafoneri eta bidegabe kobratu dion aipatu diruaren itzulpena exijitu ere bai. Jakina, enpresak ez dio existitzen ez den kontratu hori bidaltzen eta diruaren itzulpenaz ez dio ezer erantzuten; gure bazkideak artean ezagutzen dituen (ordaindu dituelako) faktura batzuk bidaltzea da Vodafoneren erantzun bakarra.
Bigarren erreklamazioa lehena bezain alferrekoa suertatzen da eta J.J.U.k arbitraje bat eskatzen dio Kontsumoko Arbitraje Batzordeari, Vodafone sistema horretan atxikita baitago. Baina arbitrajea ez da gauzatzera heltzen. Bertara deituta eta galduko duelakoan, Vodafonek amore ematen du behingoz eta fibra optiko “mamua”gatik kobratutakoa itzuli dio gure bazkideari.