ZORU-KLAUSULAK: NOIZ EDO ZEIN IRIZPIDEKIN JOTZEN DIRA ABUSUZKOTZAT, ETA BERAZ ERREKLAMAGARRIAK DIRA

ZORU-KLAUSULAK: NOIZ EDO ZEIN IRIZPIDEKIN JOTZEN DIRA ABUSUZKOTZAT, ETA BERAZ ERREKLAMAGARRIAK DIRA

Espainiako Auzitegi Gorenaren 2013ko maiatzaren 9ko epai ospetsuak finantza entitate batzuen zoru-klausulak gehiegizkotzat jo eta baliogabetu zituen. Kontratuzko klausula bat epaileak baliogabetzeak klausularen aplikazioak eragindako ondorioen baliogabetzea eskatzeko ahalmena ematen dio klausulak kaltetutako aldeari; hau da, kasu honetan, zoru-klausularen ezarpenagatik sobera eta ilegalki kobratutako dirua bankuari erreklamatzeko aukera ematen die zoru-klausuladun hipotekak dituzten bezeroei.

Hala ere, Auzitegi Gorenak berak, epai berean, ate hori itxi zuen atzeraeragina ukatzean. Auzitegi Gorenaren erabaki polemiko hari arrazoia erabat kendu zion Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren 2016ko abenduaren 16ko epaiak, zeinek -EKA/ACUV-ek espero zuen bezala- ebatzi zuen erreklamazio horietarako denbora-mugarik ez dagoela, klausula bat baliogabetua izan denean funtzionatzen hasi zenetik sortutako ondorioen baliogabetzea eska daitekeela. Eta EBJA-ren epai hurak oraindik amaitu ez den judizioz kanpoko erreklamazio eta eskaera judizial saldoari bide eman zion.

Gorenaren 241/2013 epaiak ez zuen ebatzi zoru-klausulak abusuzkoak zirela berez -hura nahi genuen EKA/ACUV-en-, baizik eta gardentasun eza zutelako, mailegu hipotekarioak sinatu zituzten bezeroei gutxi edo gaizki azaldu zitzaizkielako klausula haiek. Nolanahi ere, aurrrerapausu garrantzitsua izan zen. Baina… asko dira oraindik beren zoru-klausulak abusuzkoak izan daitezkeenentz ez dakiten hipotekatuak. Horregatik gogora ekarriko ditugu jarraian zoru-klausulak abusuzkotzat jotzeko Auzitegi Gorenak ezarritako irizpideak.

Auzitegi Gorenaren ebazpenaren arabera, zoru-klausulak abusuzkoak dira kontsumitzaile eta erabiltzaileek sinatutako kontratuetan gardentasunik ez badago. Zehazki, kasu hauetan:

-Behar bezain argi informatzen ez bada kontratuaren objektu nagusia definitzen duen elementu bat dela.

-Sabai-klausulekin batera txertatzen badira, itxura batera haien kontraprestazio gisa.

-Kontratatzeko unean, simulaziorik egin ez bada interes-tasen portaeraren inguruan aurreikuslitezkeen egoera desberdinak irudikatzeko.

-Aldez aurretik modu argi eta ulergarrian informatu ez bada entitate berak izan ditzakeen beste mailegu-modalitateekikiko kostu konparatiboari buruz, edo ohartarazi ez bada bezero-profil zehatz horri ez zaizkiola modalitate horiek eskaintzen.

-Beste datu mordo batekin batera ageri badira; izan ere, estalita geldituko dira, eta kontsumitzaileen arreta gutxituko da.

Mailegu hipotekario gehienetan (batez ere Auzitegi Gorenaren epai famatua baino lehenagokoetan) sartutako zoru-klausulek ezaugarri horiek guztiak edo gehienak badituzte. Hortaz, erreklamagarriak badira.

Zoru-klausularekiko hipotekak dituzten eta klausulak horiek gehiegizkoak diren ala ez zalantzatan dauden hipotekatuak guregana etortzeko animatzen ditu EKA/ACUV-ek. Gure abokatuek horixe argituko dute eta epaiz kanpoko erreklamazio bat edo auzitegietan eskaera bat aurkezteko aukera aztertuko da.

Utzi iruzkina