BORROKA GOGORRA LAGUN AROK BERE LAGUNTZAILE BATEN ZABARKERIAK AUTO BATEAN SORTUTAKO MATXURAREN KONPONKETA ORDAIN DEZAN

EKA/ACUV-eko F.P.A. bazkide gasteiztarrak Lagun Arorekin dauka aseguratuta bere autoa, Citröen markakoa. Iazko abuztuaren 10ean aseguru-etxeari deitu zion kotxea ezin zuelako abiarazi; bateria kargarik gabe zegoen antza. Lagun Arok Grúas Nizako langile bat bidali zion, zeinek bateriari kargatzaile bat konektatu zion, baina matxardak alderantziz ipinita, eta bateriaren borneak erre egin ziren.

Betikoak tailerrera eraman zen orduan autoa. Bertan bateria matxuratu zela baieztatu zuten eta kotxearen “zentralita” kaltetuta zegoela ere bai. Baina une hartan, abuztuaren erdian, oporretan zeuden Betikoaken eta ezin zioten konponketari ekin. Gauza bera gertatu zen beste bi garajetan. Citröen zerbitzu ofizialeko Alava Lascaray ordea jardunean zebilen eta hara eraman zuen kotxea F.P.A.-k. Azkenean matxura konponduko ziotela zirudien. Baina, garestiegitzat jota, Alava Lascarayk aurkeztu zion konponketarako aurrekontua errefusatu zuen Lagun Arok eta kalteordain gisa kotxearen balio salgarria ematea eskaini zion gure bazkideari. Eta honek eskaintzari uko egin zion diru-kopurua irrigarria iruditu zitzaiolako.

Hark nahi zuena zen autoa konpontzea eta aseguruak konponketa ordain ziezaiola, logikoa denez, are gehiago matxura aseguruak berak bidalitako langile baten zabarkeriaren ondorioa izanda. Lagun Arorekiko alferrikako hainbat elkarrizketaren ondoren, Betikoak tailerrera berriro eraman zuen autoa, jada azaroan sartuta, arazoa abuztuan sortu zelarik. Bien bitartean, aseguratzaileak ordezpen-auto bat emana zion gure bazkideari, bere lanerako beharrezkoa baitu kotxe bat. Betikoakek berea konpondu zion, 1.734 euroren truke, eta F.P.A.-k faktura hura ordain ziezaiola erreklamatu zion Lagun Arori. Baina honek ez zuen hura nahi; zioen kasua polizan hartutako “defentsa juridiko” delakoaren eskuetan zegoela eta ez ziola gure bazkideari konponketa ordainduko aurretik Grúas Nizako hari, Lagun Arori, diru-kopuru hura ordaintzen ez bazion.

Egoeraz nazka eginda, F.P.A. EKA/ACUV-eko Vitoria-Gasteizko bulegora etorri zitzaigun, urtarrilaren 9an, eta hemendik Lagun Arori berriro konponketa ordaintzeko erreklamatu zitzaion, kontratuzko beharra zuelako, are gehiago kontuan izanda, lehen esan bezala, aseguratzailearen laguntzaile baten akatsaz hasi zela gure bazkidearen amesgaizto hau. Hitz lautan esanda: zeu, Lagun Aro, zure aseguratuarekin duzun kontratuzko erantzukizuna bete ezazu, eta gero Grúas Nizari eskatu beharrekoa eska iezaiozu. Eta hala izan zen (lehena behintzat, bigarrena ez dakigu): urtarrilaren 23an Lagun Arok F.P.A.-ri 1.734 euroko transferentzia egin zion.

Utzi iruzkina