AUTO-KONPONKETA TAILERRAK: HAIEN BETEBEHARRAK ETA ERABILTZAILEEN ESKUBIDEAK

Jendaurreko informazioa

Tailerrek fatxadan ondo ikusteko moduko tokian eduki behar dute jarrita plaka bereizgarria.Tailer bakoitzeko plaka bereizgarrian zein jardueretarako dagoen kualifikatuta azaltzen da eta gainerako espazioak hutsik uzten dira. Bost jarduera-mota daude automobilen tailerretan. Jarduera bakoitzari ikur bat dagokio.

Lanordu bakoitzeko aplikatu daitezkeen prezioak adierazi behar dituzte, zergak ere barne; baita zerbitzu jakinengatik eta bestelako zerbitzuengatik aplikatu daitezkeenak ere, hala nola, ohiko lanalditik kanpo egiten direnak, zerbitzu mugikor propioekin egiten direnak edo egotaldi-gastuak.

Aurretik aurrekontua idatziz eskatzeko dugun eskubidea ere adierazi behar dute eta baita konponketen edo instalazioen gutxienezko garantia 3 hilabetekoa edo 2.000 km.koa dela.

Markako tailer ofizialek, hau da automobilak edo automobilen ekipoak edo osagarriak fabrikatzen dituzten enpresei lotutakoak, honako hauek eduki behar dituzte gure eskueran: Konponketetan erabiltzen dituzten piezen katalogo eta tarifa eguneratuak, lan-denboren taulak eta aurretik zehaztu daitezkeen eregiketen prezioak.

Ordezko piezak

Gure autoa konpontzeko erabilitako elementu eta pieza guztiek berriak eta ibilgailu modelo horretarako egokiak izan behar dute, aurretik idatziz bestelako akordio batera iritsi garenean izan ezik. Tailerrak ordezkatutako piezak eta elementuak erakutsi eta eman egin behar dizkigu, horri uko egiten ez badiogu behintzat.

Era berean, tailer guztiek jendearen agerian jarri behar dituzte erabilitako ordezko piezen jatorria eta prezioa egiaztatzeko dokumentuak.

Debekatua dago piezak beharrik gabe aldatzea, baldin eta horrek kostua igotzen badu edo ibilgailuari kalte egiten badio.

Aurrekontua

Konponketen idatzizko aurrekontu zehatza jasotzeko eskubidea dugu eta bertan, gure eta tailerreko datuez gain, honako datu hauek ere adierazi behar dira:

-Ibilgailuaren datuak: marka, modeloa, matrikula eta egindako kilometroak.

-Egin beharreko konponketak, konpondu edo ordezkatu beharreko elementuak eta/edo egin beharreko bestelako jarduerak, banakatutako prezio osoa zehaztuta.

-Entregatzeko aurreikusitako epea, aurrekontua onartu den unetik aurrera.

-Aurrekontuaren indarraldia. Aldi horrek ezin du hamabi lanegun baino gutxiago iraun.

-Data eta zerbitzua ematen digunaren sinadura.

Konponketa-lanei ekiteko, guk aurrekontua onartu behar dugu aurrekontua bera sinatuta, edo aurrekontua egiteari argi eta garbi uko egin diogunean.

Konpontzen ari direla, matxura gehiago aurkituz gero, jakinarazi egin behar dizkigute, eta zenbat konponketaren balioa adierazi. Kasu horietan, guk onartzen badugu soilik (gehienez ere, 48 orduko epean) ekin ahal izango diete berriro konponketei.

Aurrekontua egiteko edo konpontzeko ibilgailua tailerrean uzten dugun bakoitzean, gordailu-ziurtagiria jasotzeko eskubidea dugu, eta ziurtagiri hori aurkeztu beharko dugu aurrekontua jasotzeko nahiz ibilgailua ateratzeko. Tailerrak eta guk sinatutako aurrekontuak ere frogagiritzat erabiltzen dira.

Ordainagiria

Matxura konpondu ondoren, idatzizko ordainagiria eskuratzeko eskubidea dugu, sinatuta eta zigilatua. Bertan zehaztuko dira egindako lanak, erabilitako piezak edo elementuak eta lanorduak, kontzeptu bakoitzaren zenbatekoa azalduko delarik.

Kotxeak tailerrean emandako egonaldi gastuak, aurrekontuaren burutzapena egin eta aurrekontua onartzen ez dugunean edo konponketa jakinarazi ondoren tailerretik baliozko hiru eguneko epean ateratzen ez dugunean bakarrik kobratu diezazkigukete. Ibilgailua tailerreko zaintzako tokian dagoenean eta aipatutako epea gainditzen denean bakarrik kobra diezazkigukete gastu horiek.

Garantia

Tailerrak egindako konponketengatik edo instalazioengatik eman behar digun gutxienezko garantia hiru hilabetekoa edo 2.000 kilometrokoa da, ibilgailua entregatzen digutenetik kontatzen hasita. Industri ibilgailuen kasuan garantia hamabost egunera edo 2.000 km.ra murrizten da.

Garantia-epean gertatzen diren matxurak konpondutako zatian edo zatietan doan konpondu behar ditu garantia ematen duen tailerrak. Garantia erabatekoa da eta materialak, eskulana, garraioa, etab. barne hartzen ditu, beti ere ibilgailua hirugarren batzuek manipulatu edo konpondu ez badute.

Arazoak ekiditeko eta konpontzeko

Oso komenigarria da automobila erosi behar dugun kontzesionarioan salerosketa eskabidearen kontratua ituntzea idatziz kontsezionarioarekin. Bertan jasoko dira ibilgailuaren azalpena xehetasunez, eskabide-egunean zehaztutako prezioa, igo ezin daitekeena, saltzaileak ibilgailua entregatzeko hartzen duen konpromisoko epea eta atzeratuz gero izango den penalizazioari buruzko klausula.

Arbitraia Sistemara atxikita dauden establezimenduen zerbitzuak kontratatzea garantia bat da sor daitezkeen arazoak berehala konpontzeko, batez ere automobilen konponketaren arloan.

Erreklamatzeko

Egokiena arazoa kontzesionarioan, ibilgailuen alogerarako enpresan edo konponketa-tailerrean modu adiskidetsuan konpontzen saiatzea da. Automobil baten alogerarekin arazo ekonomikoak izanez gero, garraioko arbitraia batzordeetara jotzea da egokiena.

Erreklamazio-orria betetzeko eskubidea dugu. Kontzesionarioak, automobilen alogerarako enpresak edo konponketa-tailerrak gure eskueran eduki behar ditu orri horiek.

Eusko Jaurlaritzaren Industria Sailak zigortzeko isunak jarri diezazkieke automobilak konpontzeko tailerrei, jardunean arau hausteak egiten badituzte.

Nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzako Industria Saileko lurralde-ordezkaritzetara, kontsumitzailearen informaziorako udal bulegoetara (KIUB) edo kontsumitzaileen elkarteetara ere jo dezakegu.

Kontsumoko Arbitraia Sistemara ere jo dezakegu. Azkeneko aukera auzibidea da.

Utzi iruzkina