ETXEZ-ETXEKO SALMENTA OLDARKORRETAKO ENPRESEK INPUNITATEZ JARRAITZEN DUTE ADINEKO PERTSONEI ‘IRUZURRAK’ EGITEN

EKA/ACUV-era etxez-etxeko salmentetan diharduten enpresen bizktima sentitzen diren kontsumitzaile askoren erreklamazioak heltzen dira ea egunero. Argitalpen-produktuetan “espezializatutako” enpresa hauek, jardute oso oldarkorrak erabiliz, mota guztietako produktuak saltzen dituzte, batez ere adineko pertsonei: liburuak eta aldizkariak ez ezik, koltxoiak, bururdiak, besaulkiak, gimnasia-gailuak, imantoterapiako burusiak, ordenadoreak, tabletak, bizikletak, baporetak, sukaldeko robotak, ur-ionizagailuak ere bai… Jarraian enpresa hauen ‘modus operandia’ azaldu eta ‘iruzur’ hauek ekiditeko aholkuak ematen ditugu.

Kasu gehienak “osasunari buruzko inkestekin” edota bidaltze-gastuengatik euro gutxiren truke liburu baten “opariarekin” hasi eta aipatu artikulu horietako batzuk erosteko (saltoki normaletan baino garestiago) milaka euroko kontratuekin amaitzen dira, biktima gehienak adineko pertsonak izaten direlarik. Komertzialak haien etxeetan sartzen dira, liluratu eta engainatu egiten dituzte, presio psikologikoa ere erabilita, eskatu, behar, nahi eta erabiliko ez dituzten produktuak erosteko kontratuak sina ditzatela lortu arte, normalean erosketa epeka ordaintzeko mailegua bereziak ere hartuta. Erosle askok esan digutenez, sinatu zutenean ez zuten inolaz ere argi zertan sartzen ari ziren.

EKA/ACUV-eko abokatuek kontratu horietatik asko bertan behera uztea lortu dute erosle damutuei saltokietatik kanpoko salmentan dagoen “atzera egiteko eskubidea” gauzatzen lagunduz. Etxez-etxe (baita Internetez eta telefonoz) egindako erosketak eta kontratazioak atzera bota daitezke 14 egun naturaleko epean. Horretarako nahikoa da enpresara telefonoz deitzea “atzera egiteko” eskubidea gauzatu nahi dela esanaz. Baina, askotan, etxeetan bertan produktuak eta zerbitzuak saltzen dituzten enpresa hauek ez dute telefonoa hartzen. Horregatik, kontratua desegiteko biderik seguruena saltzaileari burofax bat bidaltzea izaten da. Honelako kontratu batzuk ere deuseztatu egin dira, “atzera egiteko” eskubiderako epea gaindituta, “baimen-bizioa” argudiatuz eta enpresei ohartaraziz erreklamazioei behar den erantzuna eman ezean haien kontra bide judizialera joko dela.

Kontsumitzaileentzako aholkuak eta Administrazio eskudunei eskaera

Deskribatutako etxez-etxeko merkataritza agresiboan jarduten duten enpresen aurrean (gas, telefonia eta argindarreko komertzialen bisitak ere hortxe sartuta, nahiko arazo eta erreklamazio ere sortzen dituztelako) EKA/ACUV-en aholku nagusia da arretarik ez ematea, etxera sartzen ez uztea. Sartzekotan eta kontsumitzailei eskaintza interesgarria irudituz gero, ez sinatu une horretan, inolaz ere lehen bisitan; komertzialei informazioa uzteko eskatu (publizitatea, kontratuak…) sakonki aztertzeko, artikuluen prezioak dendetan dauden antzeko produktuen prezioekin aldentzeko… erosteko erabakia hartu baino lehen. Kontratua sinatu eta berehala damutzen direnentzako aholkua: ahalik eta lasterren atzera egiteko eskubidea gauzatzea, bere kabuz edo kontsumitzaileen elkartei, KIUB-ei edo Kontsumobideri laguntza eskatuz. Eta saltzaileak atzera egiteko eskubidea ukatzen badu, eskaera judiziala aurkeztu.

EKA/ACUV-ek kontsumoarekin eta merkataritzarekin zerikusi duten administrazioei eskatzen die honelako enpresen gaineko jagoletza areagotzea eta merkataritza agresiboa eta abusuzkoa (gainera kontsumitzaile ahulenekin, zaharrekin, grinatzen dena) aurkitzen zaionari zigor zentzagarriak ipintzea eta ixtera behartzea ere horretan berrerorlea bada. Mota honetako enpresa asko inpunitate osoz “lanean” ari dira aspalditik eta horien biktimen zerrenda gero eta handiagoa da, Interneten argitaratutako albiste askok eta kontsumitzaileen foroetan ipinitako salaketa sorta luzeak adierazten duten bezala.

Utzi iruzkina