TINDATEGIEN ZERBITZUARI BURUZKO KONTSULTA
Perlezko jaka bat eraman nuen tindategi batera, bi olio orban zituela eta. Halakoekin lan egin ohi zutela esan zidaten eta ez zegoela arazorik. Jaso nuenean, ohartu nintzen, orbanak desagertu egin ziren arren, jakak galdu egin zituela ileak eta kolorea, tonu higatuagoa zuela eta zaharragoa zirudiela (bi urte baino ez ditu). Hori dela eta, momentuz ez ditut ordaindu garbitzeagatik eskatzen zizkidaten 60 euroak eta ez didate jaka itzuli. Ordaindu eta jasotzen badut, jar al dezaket gero salaketa? Edo ordaindu aurretik jarriko dut salaketa?
Zure azalpenetik uler daitekeenez, axolagabekeriaz jokatu dute argi eta garbi. Tindategiak itzuli egin behar lizuke jaka deus ere kobratu gabe eta, gainera, kalte-ordaina eman behar lizuke. Gure gomendioa da erreklamazio orria eska dezazula. Idatz ezazu zer gertatu den eta eska ezazu kalteordain bat jakak balio duenaren parekoa (erosi zenuenean baino gutxiago izango da), eta aurkeztu ezazu erreklamazioa. Tindategiak uko egingo balio kalte-ordaina emateari, aukera duzu Kontsumoko Arbitrajera joateko, baldin eta saltokia atxikia badago (edo zurekin izandako arazo hau konpontzeko atxikitzea erabakitzen badu), edo, bestela, auzitara ere jo dezakezu (bide hori doakoa izaten da eskatzen den kopurua ez bada 2.000 eurotik gorakoa). Garbitegiek eta tindategiek ehun delikatuekin lan egiten dute maiz eta beti ez da izaten konponbiderik horientzat. Askotan gertatzen dira zuri gertatu zaizun horren antzeko gauzak. Hori dela eta, berariaz arlo horretarako egindako legedi bat dago: Ehungintzako produktuak, larruak eta sintetikoak garbitzeko, kontserbatzeko eta tindatzeko zerbitzuak arautzeko Araudia (1.453/1987 ED, azaroaren 27koa). Hor ongi zehazten da zer-nolako neurriak hartu behar dituzten negozio horiek eta zein garrantzitsua den bezeroei azaltzea lan bakoitzak zer-nolako arriskuak dituen (batzuk hain dira zailak, ez lituzkete onartu behar). Profesional batek ez dezake lan bat gaizki egin gaizki egingo duela jakinda. Egiten badu, bere gain hartu behar ditu ondorioak.
Testua: Consumer / Irudia: Simon Law httpscommons.wikimedia.org