EROSKETA ONLINE BATEAN IRUZUR BATI BURUZKO KONTSULTA

Orain dela hilabete bat eta erdi Internetez marka ospetsu bateko betaurrekoak erosi nituen, oso merke, eta ordaindik ez zaizkit etxera heldu. Iruzurra egin didatelakoan nago. Weborriak ez du harremanetarako telefonorik ematen eta ez die erantzuten bidali dizkiodan kexako mezuei. Are gehiago, banku txartelarekin egin nuen ordainketa eta beldur naiz ez ote dituzten datuak erabiliko diru gehiago kentzeko. Zer egin ahal dut?

Eman diguzun Interneteko helbidera joan gara, weborria aztertu dugu eta ia seguru gaude iruzurra egin dizutela. Webgunearen helbidea “http” letrekin hasten da eta ez “https” letrekin, eta bigarrena da web komertzial fidagarrien segurtasun adierazleetako bat. Horri lotuta giltzarrapo baten irudia ere agertu beharko litzateke “https”ren aurrean. Eta ez dago. Ezta berme zigilurik ere, adibidez Confianza Online zigilua, Espainian erabiliena dena. Erreklamatzeko garrantzitsua den helbide fisikorik ere ez du ematen weborri horrek eta, zeuk esan bezala, telefono zenbakirik ere ez. Oso susmo txarra ematen du horrek guztiak. Seinale kezkagarria da ere bai “Baldintza Orokorrak” eta “Pribatutasun Oharrak” izeneko ataletan biltzen dituzten testuak gaztelania traketsean idatzita egotea, sintaxi eta ortografia akatsez beterik, eta testu horietan gezurren bat ere jartzen dutela. Adibidez, uko egiteko eskubidearen epea (produktua itzultzeko epea) zazpi egunekoa dela, hamalaukoa delarik duela urte batzuetatik. Azkenik, ikusita 15, 20, 40 eurotan saltzen dituztela haien markaren weborri ofizialean edota edozein optikatan 140, 200, 350 eurotako prezioak dituzten betaurrekoak… web pirata bat da ia seguru. Gomendatzen dizugu salaketa bat jartzea Poliziako komisaldegi batean edo zaintzako epaitegi batean, iruzurra delitua baita (zigor bidea), ez kontsumo arloko gatazka (bide zibila). Halaber, ahalik eta lasterren esaiozu zure bankuari ez dezala zure txartelean inolako kobrantzarik egin dezaten web horretatik onartu. Eta, aurrerantzean kontu handiagoz ibili zaitez Interneten bidezko erosketetan edo kontratazioetan, eta ez zaitez fidatu gisa horretako mauka deigarri bezain susmagarrietaz.

Utzi iruzkina