La Estellesa autobus konpainiak 435 euroko kalte-ordaina eman dio EKA/ACUV-eko bazkide bati hilabeteko oporraldirako zeraman motxila galtzeagatik
Autobus konpainiek ez diete bidaiariei haiekin daramaten bagaia fakturatzeko aukeraz informatzen. Normalean, gehien-gehienetan, bidaia luze zein ertain eta laburretan, maletak eta fardel handiak autobuseko zamategian joaten dira, inolako identifikaziorik gabe eta batez ere bidaian zehar egiten diren geldialdietan lapurtuak izateko arriskuan. Zer egin behar du hori pairatzen duen bidaiariak? Kalte-ordainik eskatu dezake? Jarraian azaltzen dugun kasuak erantzunak ematen ditu.
Iazko ekainaren 27an EKA/ACUV-eko M.C.G.O. bazkideak txartel bat erosi zuen 2,30 eurotan La Estellesarekin autobusez Logroñotik Nafarroako Sansolera bidaiatzeko, helmugan hilabeteko oporraldia emateko. Hortaz, motxila handi bat zeraman, eta autobusera igotzean gidariak motxila hura eskuko bagaia bezala ezin zuela eraman esan zion, zamategian utzi behar zuela ordea. Eta hala egin zuen bidaiariak. Sansolera heldutakoan, motxilaren bila abiatu eta… ez zegoen! Gure bazkideak kontuak galdetuta, gidariak aurreko geldialdietan motxila norbaitek hartu eta eramango zukeela erantzun zuen, asko sentitzen zuela…
M.C.G.O. Los Arcoseko Guardia Zibilaren kuartelera joan zen eta salaketa jarri zuen, oso zehatza: Quetzua markako motxila, grisa eta azpildura berdeekin, 30 bat kiloko pisua zuela, barruan zeramatzala arropa, oinetakoak, garbitasun pertsonaleko tresnak, ile-lehorgailu bat, lisaburdina bat, mugikor eta tableta kargatzaileak, janaria, irakurtzeko betaurrekoak eta botikak, guzti hori 500 eurotan baloratuz.
Bizkaiko Abanto-Zierbena den bere bizilekura itzulita, EKA-ACUV-eko pertsonalak kudeatzen duen bertako KIUB-era joan zen M.C.G.O. eta 435 euroko kalte-ordaina eskatzen zuen erreklamazio bat bidali zion La Estellesari 12/1987 Lurreko Garraioen Ordenazio Legean oinarrituta. Lege horrek dio bidaiarien lurreko garraio zerbitzua ematen duena erantzule dela bidaiaria berak eta haren bagaiak jasan litzaketen kalteen aurrean, eta 3.2 artikuluak literalki zehazten du: “Bestelako baldintzak edo diru-kopuruak espresuki adosten ez badira, bagaiek pairatzen dituzten matxura edo galerengatik bidaiarien garraiolarien gehienezko erantzukizuna kilogramoko 14,5 eurotakoa izango da, pieza bakoitzeko 450 euroko gehienezkoarekin”. Gure bazkidearen motxilak 30 kiloko pisua zuen. 30 kilo bider 14,5 euro kiloko, 435 euro.
La Estellesak fakturatutako bagaien erantzunbeharra soilik hartzen duela erantzuten du, ez fakturatuak izan ez eta hirugarren batek lapurtuak direnen erantzunbeharra. Hala ere, 50 euroko konpentsazio bat eskaintzen dio M.C.G.O.-ri. Honek ez du hori onartzen eta erreklamazioa, garraio-txartelaren eta Guardia Zibilean jarritako salaketaren kopiekin, Nafarroako Garraioaren Arbitrai Batzordera heltzen da. Arbitrajean, La Estellesak bagaia fakturatzeko aukeraz lehiatiletan, weborrian eta txartelen atzealdean informatzen duela argudiatzen du. Erreklamatzaileak zin egiten du lehiatilan ez ziotela horretaz ezer esan eta txartelaren atzealdea zuri zegoela, hitzik ez.
Fakturazioaren kontuan inolaz ere sartu gabe, Nafarroako Garraioaren Arbitrai Batzordeak lehen aipatu 12/1987 Lurreko Garraioen Ordenazio Legeari buruz azpimarratzen du horrek garraiolaria behartzen duela bagaia gordetzera eta helmugara heltzean bere jabeari ematera eta kaltea edo galera gertatzen badira garraiolaria dela erantzulea. Auzian daukan kasuari buruz dio “bagaiaren galeran inguruabarrak zeinahi direlarik ere, zerbitzua ematen duenaren erantzukizun objetiboaren barruan daude”. Hortaz, Arbitrai Batzordeak, joan den otsailaren 14an emandako laudoan, gure bazkideari eskatutako 435 euroak ordaintzea agintzen dio La Estellesari.