Testamentuak eta herentziak. Oinarrizko kontuak, ohiko galderak
Heriotzan senideei arazoak eta litezkeen gatazkak ekiditeko komenigarria da oso testamentua egitea. Erreportai honetan testamentu eta herentziei buruz gehienok egin ohi ditugun galderei erantzuna eman eta oinarrizko gai batzuk azaltzen dira.
Nola egiten da testamentua eta zenbateko kostea du?
Ohikoena eta gomendagarriena notaria batean egitea da. Ordenugileak bere ondareak zeintzuk diren eta herentzian nola banatu nahi dituen zehazten dizkio notarioari eta honek horixe idatzi eta dokumentua balioztatzen du. Izapide horren kostua (60-100 euro bitartekoa bataz beste) testamentuaren konplexutasunaren araberakoa izaten da; hainbat eta garestiagoa zenbat eta ondasun gehiago eta desberdinagoak uzten diren: higiezinak, akzioak, partaidetzak… Etxera etortzea ere eska dakioke notarioari (gehiago kobratuko digu) gaixo egotekotan edo mugikortasun-arazoak izatekotan.
Egin al daiteke testamentua notariorik gabe?
Bai. 18 urtetik gorakoek haien testamentua idatz dezakete inoren laguntzarik gabe, eskuz nahitaez, data eta sinadura jarrita. Holografo izeneko testamentua da eta notarioarekin egindakoaren baliozkotasun berbera dauka, nahiz eta oinordekoen aldetik desadostasun eta aurkapen gehiago jaso ohi dituen. Testamentu-mota biak Azken-nahien Ekintzen Erregistro Orokorrean erregistratu behar dira, zein Justiziako Ministerioaren Lurralde-gerentzietan dagoen.
Seme-alaba bat pribilegiatu daiteke testamentuan (besteen kaltean)?
Bai, egin daiteke. Herentzia hiru herenetan banatzen da: legitimoa edo legezkoa deritzana (oinordeko beharrezkoei Legeak bermatzen diena), hobekuntzako herena eta libre xedatzeko eskubideko herena. Bigarrena seme-alaba edo biloba bati (ondorengoei baino ez) herentziaren heren oso bat uzteko erabil daiteke. Azken herena nahi bezala bana daiteke.
Seme-alaba bat jarauntsirik gabe utz daiteke?
Bai, baina baldintza gogor eta zehatz batzuetan solik. Adibidez, seme-alaba aita edo ama, bere ezkontidea edo ondorengo bat hiltzen saiatu bada, aita edo ama larriki gaizki tratatu edo laidoztatu badu, elikagaiak ukatu badizkio… Eta hori ondo frogatuta egon behar da. Herentziarik gabe utzitako ondorengo batek seme-alabak baditu, horiek dira bere amari edo aitari ukatutakoa jaso behar dutenak.
Testamentu batzuk ondasunak uzten dituzte gozamen edo usufruktuan, gehienetan alargunari. Zer esan nahi du horrek?
Alargunak usufruktuan jasotako ondasuna (etxebizitza, enpresa bat…) erabil dezake, eta litezkeen etekinak bereganatu ere (alokairu bat, adibidez), baina ez da ondasun horren jabea, beraz ezin du gauza hori saldu edo hipotekatu.
Testamentua aldatu al daiteke?
Bai. Testamentua nahi beste aldiz alda daiteke eta nahi diren aldaketekin, beti ere legeak onartzen duenaren barruan. Hiltzean bere ondareen banaketari buruz iritziz aldatzeko eskubidea du pertsona orok. Helburua da testamentuak pertsona hil baino lehen bere azken nahia jasotzea.
Hainbatetan gertatzen da pertsona bat hiltzean bere senideek ez dakitela testamentua egin zuen ala ez. Nola jakin daiteke?
Notariaren aurrean testamentua egin bazuen, horren froga bat egon behar da Azken-nahien Ekintzen Erregistro Orokorrean. Bertan egon beharko luke ere holografo izeneko testamentuak. Erregistro horretan kontsulta ezin da egin hiltzea izan eta 15 egun pasa baino lehen. Bertako agiriak testamentua dagoen ala eta egotekotan zein notarian egin zen adierazten du, baina ez testamentuaren beraren edukina.
Testamenturik ez badago, nork jaraunsten ditu hildakoaren ondasunak?
Lehenak, seme-alabak dira (biologikoak zein adoptatuak eta ezkonduta egonda edukiak zein ezkontzatik kanpo). Bigarrenak, bilobak edo birbilobak. Ondorengorik ez badago, aurrekoak dira herederoak, gurasoak. Hauek hil badira, aiton-amonak edo birraitona-amonak. Ondorengorik eta aurrekorik ez izatekotan, ezkontideari dagokio heredatzea. Haren ostean zerrendan hildakoaren anai-arrebak daude; gero horien seme-alabak; eta azken postuan lehengusu-lehengusinak. Senide horietatik inor ez badago, hildakoaren ondarea Estatuarentzat izango da.
Herentziari uko egin dakioke?
Bai, baina era esplizituan egin behar da, notarioaren edo epailearen aurrean eskritura publikoa eginaz. Uko egitea erabatekoa izan behar da eta ez dago atzera egiterik. Herentziari uko egiten dionak zorrak baditu, bere hartzekodunek herentzia bereganatzea eskatu diezaiokete epaileari.
Posiblea da herentzia baten ondareak onartzea eta zorrak ez onartzea?
Bai, “inbentarioaren aldeko” herentziaren onartzea eginaz. Herentziaren onartze sinpleak hildakoaren ondareak eta (egotekotan) zorrak ere hartzea suposatzen du, eta zor horiei herederoak aurre egin beharko die bere ondare propioarekin. “Inbentarioaren aldeko” onartzean oinordekoek ez dute herentziaren zorren gaineko erantzukizun pertsonalik hartzen. Zorrak herentziak utzitako ondarearekin ordainduko dira, ondorengoen ondarearen gaineko inolako eraginik gabe. Horregatik herentzia onartze mota hau notarioaren edo epailearen aurrean egin behar da.