Polizan ez zegoen salbuespen bati heltzen zion aseguratzaile batek bidaia kantzelatu baten dirua itzultzea lortu du EKA/ACUVek
EKA/ACUVeko bazkidea den bikote batek www.atrapalo.com weborrian Teneriferako bidaia konbinatu bat kontratatu zuen (Bilbo-Tenerife joan-etorriko hegaldiak gehi hotela) 2015ko azaroaren 26tik 30era egitekoa eta Inter Partner Assistancerekin kantzelazio aseguru bat ere hartu zuen. Senarra orkatilako ebakuntza baten zai zegoen eta bidaiaren hasiera baino hilabete t’erdi lehenago urriaren 20an ebakuntza egiteko deia jaso zuen. Hortaz, eta errehabilitazio luze bat aurreikusita, bikoteak aipatu weborriari eta aseguru-etxeari bidaiaren kantzelazioa komunikatu zien, gertatutakoa azalduta, eta ordaindutako 434 euroen itzulpena eskatu zien. Inter Partner Assistancek mediku-dokumentazioa eskatu zion bikoteari eta honek berehala bidali zion.
Egunak pasa, asteak, hilabeteak ere bai… eta aseguratzaileak ez du erantzuten ezta dirua itzuli ere. Auzian sartzen da orduan EKA/ACUVeko abokatu bat, aseguratzaileari erreklamazio formal bat helaraziz. Aseguru-etxeak mediku-txosten zehatzago bat eskatzen du eta berriro ere bikoteak segituan bidaltzen dio, orkatilaren errehabilitaziorako zitak atxikituz. Inter Partner Assistanceren erantzuna, ez duela dirua itzuliko gertatutakoa hartutako polizaren estalduratik kanpo dagoela esanaz.
EKA/ACUVeko abokatuak goitik behera aztertzen du orduan bikoteak hartutako polizaren testua eta ez du inondik inora aseguratzaileak esandakoa aurkitzen. Zergatik enpresa horrek gure bikotearen polizan existitzen ez den kontratu-baldintza bati heltzen dio bere betekizunari itzuri egiteko? Ez zuen ordea bikotea eta abokatua nahastea lortu. Abokatuak irregulartasun larriaz ohartarazten du orduan aseguru-etxea eta diruaren itzulpena berehala egiten ez badu haren aurka eskaera judiziala jarriko duela ere esaten dio. Hori esan eta laster Inter Partner Assistancek 434 euroak itzuli zizkion bikoteari.
EKA/ACUVek honelako kantzelazio-aseguruak ez hartzea aholkatzen du. Izan ere, bidaiariek kontratatutako bidaiak bertan behera uzten dituzten gehienetan osasun arrazoi bat izaten da, eta hori, indarrezko arrazoia izanik, nahikoa izaten da garraio-enpresek edo bidaia agentziek bidaiaren dirua itzuli behar izateko besterik gabe. Eta badira ere bidaiariei eskubide berbera ematen dieten bestelako gertakizun asko, behar bezala frogatuta badaude.