Vueling, lau orduko atzerapenagatik “kalte-ordain automatikoa” ematera derrigortuta
Europar Batasuneko 261/2004 Araudiak aireko bidaiarientzako kalte-ordainak zehazten ditu ontziratze-ukatze, kantzelazio eta atzerapen handien kasuetan. Hegaldi bat bere helmugara bost ordu edo gehiagoko atzerapenarekin heltzen bada (ezinbesteko arrazoirik gertatu gabe), bidaiariak txartelaren kostu osoaren itzulpenerako eskubidea dauka. Atzerapena hiru ordu edo gehiagokoa bada (5 ordu arte), aire konpainiak “kalte-ordain automatikoa” eman behar dio bidaiariari: 250 euro.
EKA/ACUVeko bazkide batek berarentzat eta bere semearentzat (elkarrekin zihoazen) “kalte-ordain automatiko” hori erreklamatu zion Vuelingi 2015ko abuztuaren 14an VY 1423 Bartzelona-Loiu hegaldia behar baino lau ordu pasata lurreratu eta gero. Konpainiak uko egin zion erreklamazioari eta kontsumitzaileak, EKA/ACUVeko abokaten laguntzaz, Bilboko 2. zenbakiko Merkataritza-arloko Epaitegiaren aurrean demanda jarri zuen, aipatu “kalte-ordain automatikoa” (500 euro) eta kalte moralagatik 200 euroko ordaina ere eskatuz.
Vuelingek atzerapena aitortu zuen baina Bartzelonan egun hartan gertatu ziren eta beste hegaldi askoren atzerapenak ere eragin zituzten eguraldi-arazoei egotzi zien errua. Epaitegiak “ezohiko baldintza” horiek bidaiarien aireko garraio aktibitatearen berezkoak direla argudiatu zuen; beraz hura ez zen ezinbesteko arrazoia izan eta Vuelingek europar araudiak zehazten duen hiru-bost ordu arteko atzerapenagatiko kalte-ordaina eman behar zuen auzi honetan. Hortaz, epaiak, joan zen urtarrilaren 4koa, EKA/ACUVeko bazkideari 500 euroak ordaintzeko zigorra jarri zion Vuelingi. Epaitegiak ez zuen ordea onartu kalte moralengatik eskatutako 200 euroko ordaina, Vuelingek atzerapenaz etengabe ohartarazi zuelako aireportuan, “eta horrek eskatzen den kalte moralaren iturria baliogabetzen du”.