EKA/ACUV-EK KUTXABANK SALATU EGIN DU, LEIHATILAN ESKUDIRUA SARTZEARI UKO EGITEAGATIK

Auzitegi Gorenak kontzeptu horrengatik kobratutako komisioa deusez deklaratu eta egun batzuetara gertatu da hau

Kutxabankek eskudirua leihatilan sartzeagatik kobratutako komisioaren deuseztasuna berretsi du Auzitegi Gorenak; bitartean, EKA/ACUV-ek administrazio-salaketa jarri du Kontsumobiden, entitateak eskudirua leihatilaren bidez sartzea eragozten duela hautemanda.

Auzitegi Gorenaren epaiari jarraiki, entitateak komisioa aplikatzeari utzi behar zion, eta kaltetutako pertsona guztiei bidegabeki kobratutakoa itzuli.

Ustekabea izan da elkarteak antzeman izana Kutxabankek momentu honetan ez duela eskudirurik onartzen, hura legez kanpoko praktika izanik.

2016an hasi zuen bukarazte-akzioa EKA/ACUV Euskadiko Kontsumitzaileen Alkarteak Praktika honen aurka. Kutxabankek, 2 euro kobratzen zituen bezeroen kontuetan hirugarrenen sarrerengatik kontzeptua gehitzen zenean. Horrez gain, 2 euro gehiago ezartzen zituen eskudirutan pagatutako ordainagiri normalizatu bakoitzeko.

Banketxeak komisioa ezartzeko eskubidea defendatzen zuen, gauzatutako sarreren kontzeptuetan informazio gehigarria zehaztu beharra zegoela adierazita. Auzitegiak azpimarratu duenez, diru-sarreren kontzeptua adierazteak eta egiaztagiri idatzian sartzeak ez dute berezko garrantzirik, kutxa-zerbitzuaren mantentze-komisioak ordaintzen duenaren bestelakoa, eskudirua sartzeari erantsitako zerbitzutzat hartu eta beste komisio baten bitartez pagatu ahal izateko.

Halaber, gaineratu du, kontuaren titularrak ordaindutako mantentze-komisioak ahalbidetzen duela kutxak eskainitako zerbitzu hori eta, hortaz, ez dagoela justifikaziorik komisio gehigarri bat kobratzeko, bereziki ez delako beste edozein zerbitzu eraginkorrik eskaintzen. Hauxe, zehazki, Ekonomia eta Ogasun Ministerioaren 2899/2011 aginduaren aurkakoa da, banku-bezeroen gardentasunari eta babesari buruzkoa, haren 3.1. artikuluko 2. paragrafoan xedatutakoari erreparatuta.

Lehen auzialdian Gasteizko Merkataritza arloko Epaitegiak eman zion arrazoia EKA/ACUVri, eta geroago ere Arabako Auzitegiak berretsi zuen kasua.

Erakundeak ez zuen orduan tasa polemikoa bertan behera utzi; ez hori soilik, izan ere 7 euroraino areagotu zuen.

Finean, Auzitegi Gorenak Kutxabanken errekurtsoa ezetsi du klausula hori behin betiko kentzera behartuz. Ondorioz, bidegabeki kobratutako kopuruak itzuli beharko dizkie eragindako pertsona guztiei, zeinei erreklamatzeko gonbitea luzatzen diegun.

Utzi iruzkina