35 PERTSONAZ OSATUTAKO TALDE BATEK 25.000€-KO KALTE-ORDAINA JASO DU HEGALDIEN ATZERAPENAGATIK

Urtebete baino gehiago pasatu ondoren, bidai konbinatu bateko hegaldiaren atzerapenaz kalteturiko 35 bidaiarien erreklamazioa onartua izan da.

2016ko maiatzean ARABA Bidai Agentziarekin Madeirara joateko bidai konbinatu bat kontratatzen da (maiorista Viajes Abreu eta Everjet izanik). Kontratuak Gasteizko Peña Gurutz Budinako 35 pertsonentzat aireporturainoko autobus bidaiak, Loiu-Funchal-Loiu hegaldiak, Loiutik Gasteizerako autobus buelta bidaiak eta pentsio erdiko 7 egunerako hotel-egonaldiak barneratzen zituen.

2016ko maiatzak 26an 16:15etan bidaiariak autobusez Loiuko aireportura eramaten dira, hegaldia 19:15etan irten eta Funchalera 20:50etan iristen zelarik. Baina autobusez Loiura zentozela, hegaldia atzerapenaz irtengo zela jakinarazten zaie. Atzerapena, azkenik, 4 ordukoa izan zen, 23:55etan irten eta Funchalera maiatzak 27ko 1:20etan iritsiz.

Bueltan ere intzidentzia bera gertatzen da. Kasu honetan hegaldia ekainak 3ko 15:05etan zegoen aurreikusita eta berriz ere, hegaldiaren atzerapenaren berri ematen diete hotelean bertan. Azkenik, hegaldiak 23:45etan egin zuen irteera, Loiura 1:40etan iritsiz, hau da, aurreikusita zegoen ordua baino 4 ordu baino gehiago. Are gehiago, Loiuko aireportuak 00:00etan zarratzen duenez, hegazkinak Forondan hartzen du lurra, autobusa leku aldaketaz abisatu behar izan zutelarik.

Gure bazkideak urte oso batez egon dira gertaera hauengatik erreklamazio ezberdinak tramitatzen aerolinearen aurka. Enpresak bere erantzukizuna aitortu eta ordaindu beharreko kalteordainak konkretatu zituen, baina ez zituen ordainketak inoiz egin.

2017ko urrian EKAri laguntza eskatu eta erreklamazioa bidai agentziari eta baita maioristari ere zuzendu genien TRLCU-aren 162. artikuluak ezartzen duen erantzukizun solidarioan oinarrituz. Erantzukizun solidario horren oinarria, berriz, 261/2004 CE Araudian dago, izan ere arau horrek ezartzen ditu hegaldien deuseztapen, overbooking eta atzerapenen kasuan bidaiariei eskaini beharreko asistentzia eta kalteordainak (400 eurokoa 1.500 kilometro baino gehiagoko hegaldi intrakomunitarioen kasuan, eta 1.500 – 3.500 kilometro bitarteko gainerako hegaldien kasuan).

EKAtik egindako bitartekaritzaren ondorioz, judizioz kanpoko akordio batera ailegatzeko gai izan ginen: gure bazkide bakoitzak 714,28€ kalteordaina jaso du joan eta etorrirako hegaldien atzerapenagatik (25.000€ guztira).

Utzi iruzkina