BERANKOR AUZOTAR BATI NOLA ERREKLAMATU
Prozedura Zibilaren Legeak (PZL) 813. artikuluan ezartzen duenez, jabeen erkidegoak zordunaren egoitzari dagokion lehen instantziako epaitegian edota finkari dagokion epaitegian erreklamatu dezake.
Edozein kasutan ere, praktikan normalena erreklamazioa finka aurkitzen den lekuko epaitegian aurkeztea da; eta zorduna beste toki ezberdin batetan biziko balitz, ordaintzeko errekerimendua exhorto bidez bideratuko zen.
ORDEZKARITZA ETA BABES JUDIZIALA
2.000 eurotik gorako erreklamazioen kasuan derrigorrezkoa da, legez, abokatu baten defentsa eta prokuradore baten ordezkaritza izatea. Hala ere, kantitate gutxiagoko erreklamazioetan, abokatu eta prokuradoreen ordezkaritzaz baliatu nahi izanez gero, prozedura hasieran jakinarazi behar izango da epaitegian, zorduna jakinaren gainean egoteko eta zordunak ere aukera hori izan dezan.
JUDIZIO MONITORIOA
Prozedura honi hasiera emateko nahikoa da jabeen komunitateak zorraren likidazioa onartzen duen erabakiaren gaineko ziurtagiria aurkeztea; jarraian zordunari ordaintzeko errekerimendua egingo dio epaitegiak.
- Zordunak ordaindu egiten badu, idazkari judizialak prozedura artxibatuko du.
- Zordunak errekerimenduari jaramonik egiten ez badio, zorraren exekuzioa eskatuko da.
- Zorduna zorra ordaintzearen aurka jartzen bada (oposizioa), prozedura arrunta edo hitzezko prozedura zabalduko da erreklamatzen den kantitatearen arabera (6.000 eurotik gora edo behera).
Oposizio kasuan, jabeen komunitateak zordunaren ondasunen gaineko bahitura prebentiboa eskatu ahal izango du, erreklamatutako diru kopuruari, interesei eta kostei aurre egiteko.
ZORRAK ERREKLAMATZEKO EPEA
Jurisprudentzia nagusiaren ustetan, jabe batek komunitatearekiko izan ditzakeen zor hauek erreklamatzeko epea 15 urtekoa da, gastu arrunt zein ez-ohiko gastuak izan. Baina badaude honi buruzko iritzi ezberdinak ere:
- Preskripzio epea 15 urtekoa dela uste dute batzuek Kode Zibilaren 1964. artikuluaren arabera.
- Beste batzuek, ordea, Kode Zibileko 1966.3. artikuluko 5 urteko preskripzio epea aplikatu behar dela uste dute aldizkako ordainketa baten aurrean gaudelako.
- Azken batzuen ustez, 15 urteko epea aplikatu behar da ez ohiko gastu eta diru-derramen kasuan, baina 5 urteko preskripzio epea ohiko kuoten kasuan.
* 2015eko urriaren 7an, indarrean sartu zen Kode Zibilaren Lege Erreforma, 1964. artikuluko epeak aldatzen dituena. Hori dela eta, zorra 2015eko urriaren 7aren ondoren gauzatu bada, preskripzio epea 5 urtekoa izango da. Aurrekoa bada, ordea, 15 urteko preskripzio epea izango da aplikagarri.
JABE BERRIAREN ERANTZUKIZUNA
Etxebizitza edo lokal berri bat erosten duen pertsonak, aurreko jabearen zorren gaineko erantzukizuna izango du salerosketa egin den urte horretako betetutako partean eta aurreko hiru urteetan. Eskritura publikoko data hartzen da kontutan eta exekuzio judizialen kasuan, adjudikazio autoaren data.