BESTE PORROT BAT BANKUENTZAT ETA BESTE ARRAKASTA-KASUA EKA/ACUVRENTZAT

BESTE PORROT BAT BANKUENTZAT ETA BESTE ARRAKASTA-KASUA EKA/ACUVRENTZAT

Caixabankek ezingo du hirugarrenen kontuetan jasotako diru-sarrerengatik frogagiria jaulkitzeagatiko komisioa aplikatu, ezta autozerbitzu bidez burutu daitezkeen kudeaketetan leihatila erabiltzeagatikoa ere, baliogabetzat jo baitira.

Arabako Probintzia-auzitegiak ezetsi egin du Caixabanken apelazio-errekurtsoa, EKA/ACUVek aurkeztutako demanda baiesten zuen epaiaren aurrean, eta baliogabetzat jo du abusuzkotzat kontsideratutako bi komisio horiek kobratzea.

KOMISIOEN KONTZEPTUA

Batetik, 6 euroko komisioa, bezeroek hirugarrenei egindako diru-sarrerengatik egiaztagiri berezia igortzeagatik, eta bestetik, 2 eurokoa, autozerbitzu bidez egin daitezkeen kudeaketetan leihatila erabiltzeagatik.

Epaia Auzitegi Gorenean errekurritu badaiteke ere, beste urrats bat da Elkarte honek bankuen neurrigabekerien aurka duen borrokan, bidegabeki kobratutako komisioengatik. Herritarrak babesik gabe daude, eta entitateen bulegoetatik kanporatu nahi dituzte dirua eta langileak aurrezteko.

SENTENTZIAK ARGI AZALTZEN DU

Epaiak azpimarratzen du komisio horiek kobratzea abusuzko praktika dela, eta kontsumitzaile eta erabiltzaileak babesteko araudiaren aurkakoa. Ondorioz, erakundeak ez ditu aplikatu behar, eta komisio, baldintza eta gastuen tarifa liburuxkatik baztertu behar ditu.

Horrela, horiengatik jasotako zenbateko guztiak itzuli beharko ditu. Era berean, kaltetutako pertsona guztiei EKA/ACUVrekin harremanetan jartzeko gonbitea luzatzen diegu prozesuan laguntzeko.

HERRITARREI DEIA

Horrez gain, herritar guztiei dei egiten diegu, modu aktibo eta eraginkorrean lagundu baitezakete gehiegikeria horiek saihesten, eragiketak egiteko bulegoen erabileran trabarik jartzen ez dieten entitateak hautatuta eta erraztasun handienak eskaintzen dietenak bilatuz alegia.

Utzi iruzkina