BIDAIA KONBINATU BATEAN PROGRAMATUTAKO JARDUERA BATEN KANTZELAZIOAREN GAINEKO KONTSULTA

Astebeteko bidaia egin dut Mexikora, eta Teotihuacan-eko piramideetarako bisita ere egitekoa genuen tartean. Baina txango hori bertan behera gelditu zen, “garraioarekin izandako arazo logistikoak” zirela medio, eta beste hondartza egun bat jarri ziguten. Kexua azaldu diot bidaia agentziari, baina han esaten didate ez zela izan beren errua, txangoez arduratzen zen Mexikoko enpresarena baizik, eta haiei bidaltzeko erreklamazioa. Hala al da? Zer eska dezaket erreklamazioan?

Bidaia konbinatuen legediak dio parte hartzen duten enpresa guztiek solidarioak izan behar dutela elkarrekin, eta bidaiaren kontratatzaile izen denak eta ordaina jaso duenak daukala ardura gehien bezeroaren aurrean. Hortaz, bidaia agentziak ez dezake saihestu bere ardura, nahiz eta hutsegitea egin duena “pakete turistikoan” parte hartu duen beste enpresa edo eragile bat izan: hegazkin konpainia, hotela, han bertan jarduerak edo txangoak antolatzen dituen enpresa… Gure gomendioa da agentziari ardurak eskatzen jarrai dezazula, baina komeni litzaizuke aurrez aholku eske joatea kontsumitzaile elkarte batera, kontsumo institutu batera edo Kontsumitzaileak Informatzeko Udal Bulegora. Han esango dizute zer eska dezakezun. Programatuta dauden jarduerak bertan behera gelditzen direnean edo aldatu egiten direnean, non eta ez den izan halabeharrak eraginda, ohikoena izaten da bidaia konbinatuan bete gabe gelditu den zatiari dagokion dirua itzultzeko eskatzea, eta diru guztia itzultzeko ere eska daiteke, baldin eta egin gabe gelditu den jarduera hori bazen bidaia konbinatua egiteko amu edo arrazoi nagusia. Zenbait kontsumitzailek irabazi izan dituzte auziak epaitegietan eta agentziak diru guztia itzuli behar izan die jarduera “izarra” egin gabe gelditu delako: sumendi bat bisitatzea, glaziar bat, ur-jauzi bat, monumentu ospetsu bat, hiri historiko bat…

Utzi iruzkina