CaixaBankek sei urtez erabilitako zoru-klausula batengatik 33.853 euro itzuli dizkie EKA/ACUV-eko bi bazkideri erreklamazio estrajudizial baten ondorioz
Gaur argitaratzen dugun arrakasta kasua zoru-klausulengatik bere bazkideen izenean EKA/ACUV-ek aurkeztutako erreklamazio estrajudizialetatik ondo atera direnetako bat da: bankuak onartuta, “opakotasuna” onetsiz, bidegabe kobratutako dirua zuzenki kalkulatuta eta berehalako itzulpena.
M.M.O. eta U.T.G. EKA/ACUV-eko bazkideek 2008ko abenduan CaixaBankekin 260.000 eurotako mailegu hipotekario bat sinatu zuten, zeinek lehen sei hilabeteetan korritu finko bat zeukan eta 2009ko abuztuan hasita hileroko ordainketetan %4ko zoru-klausula bat ezartzen zuen. 2009ko abuztuko ordainketa hartan ezarri beharreko korritu zuzena (zorurik gabe) %2,521 zen. Zoru-klausulengatik kontsumitzaileen aldeko epai judizialak pilatzen ari zirela ikusita azken urteetan banku batzuk haien borondatez egin duten bezala, 2015ean CaixaBankek gure bazkideen hipotekatik %4ko zoru-klausula kentzea erabaki zuen. Erabili zuen azken aldia 2015ko abuztuko hilerekoan izan zen, non ezarri beharreko korritu zuzena (zorurik gabe) %0,930 zen.
Bere hipotekatik zoru-klausula desagertzea lasaitu handia izan zen gure bazkideentzat, baina ez zuten ahaztu sei urtez, 2009ko abuztutik 2015ko abuztura, CaixaBanki behar baino gehiago ordaindu ziotela, eta iaz, EKA/ACUV-en laguntzaz, erreklamazio estrajudizial bat aurkeztu zioten bidegabeki kobratutakoa, diru kopuru handia zena, berreskuratzeko itxaropenaz.
Sei urte haietan, hileroko ordainketetan %4ko zoru-klausularekin, 55.690,66 euro ordaindu zizkioten CaixaBanki korritutan. Zoru-klausularik gabe, 26.948,99 euro izan behar ziren. Aldea izugarria da: 28.741,67 euro. Eta horiei zegokien diruaren korritu legala gehituta (5.111,27 euro kasu honetan), bidegabe kobratu den diru kopuru bat itzultzeko beharra dagoenean legez egin behar den bezala, 33.852,94 eurotara heltzen zen CaixaBankek gure bazkidei itzuli beharrekoa. Horrelaxe zehaztu zuen entitateak berak M.M.O. eta U.T.G-ri urriaren 28an idatziz bidali zien erantzunean, non dirutza horren berehalako itzulpena ere eskaintzen zien.
EKA/ACUV-ek CaixaBanken kalkuluak zuzenak zirela egiaztatu zuen, gure bazkideek eskaintza onartu zuten eta azaroaren 9an aipatu 33.852,94 euroak jaso zituzten.