EKA/ACUV Auzitegi Konstituzionalak eta Madrilgo Gobernuak Euskadin inposatu nahi duten merkataritzaren liberalizazioaren aurka dago erabat
EKA/ACUV-ek saltoki txiki eta ertainentzat, merkataritzako langileentzat, kontsumitzaileentzat eta orokorrean euskal gizartearentzat oso albiste txarra deritzo merkealdien erabateko liberalizazioa eta merkataritzako ordutegiak handitzea baimentzen zituen Rajoyren Gobernuak indarrean sartu zuen 20/2012 Lege-Dekretuaren aurka Eusko Jaurlaritzak jarritako errekurtsoari Auzitegi Konstituzionalak eman berri dion ezezkoari. Merkataritzan dugun konpetentzia urratuz, Konstituzionalaren autoak aipatu dekretua EAEn betetzen hastea agintzen du, hau da: urteko merkealdi ofizial bien desagerpena (negukoa eta udakoa), eta beraz saltokiek nahi dutenean beherapenak egiteko aukera, merkataritzako ordutegiaren asteko 72 ordutik 90 ordutara luzatzea eta 150 metro karratutik gorako saltokientzat urtean ireki dezaketen jaiegunak 8tik 10era handitzea.
Beherapenen erabateko liberalizazioak neguko eta urteko merkealdien usadioa eta kontzeptua bera suntsitzea dakar, duela hogeita hamar urtetik ona merkatarientzat zein kontsumitzaileentzat onuragarria izan den tradizioa akabatzea. Aldaketa honek saltoki-kate handiei egite die mesede eta denda txiki eta ertainei kalte egiten die, handien etengabeko prezio eta eskaintza berezien politika oldarkorrarekin ezingo baitute lehiatu.
Ondorio berbera izango dute saltokiek urtean lan egin ditzaketen jaiegunen igoerak eta asteko ordutegiaren luzapenak: ona frankizia eta kate handientzat, lehiakorragoak direnak neurri handi batean langileak oso egoera prekarioan dituztelako; txarra saltoki txiki eta ertainentzat, haientzat ordu gehiago eta egun gehiago irekitzea errentagarritasun urriko ahalegin handia baita, kasu askotan ezinezkoa ere. Horrelaxe adierazi dute azken urteetan behin eta berriz Euskadiko merkatarien elkarte guztiek, Madrilek inposatu nahi digun erabateko liberalizazioaren aurkakoak eta Eusko Jaurlaritzaren konpetentzien eta merkatari txiki eta ertainei bizirautea ahalbidetzen dien araututako eredu baten aldekoak. Eta iritzi eta mezu berberak aldarrikatu ohi dute merkataritzako langileen sindikatuek ere, frankizia eta saltoki handietan batez ere gero eta lan-baldintza larriagoak pairatzen dituztenak.
Kontsumitzaileoi ere ez dakarkigu inolako onurarik merkatarizaren malgutze basatiak. Neoliberalismo krudelak ezarri nahi duen “24 orduz irekitako” gizarte sukartsuaren adierazle argia da merkataritzaren desregulazioa. Jendeak ahal duenak eta behar duenak gastatzen du. Jendeak ez du gehiago erosiko dendak egunean ordu gehiagotan eta urtean egun gehiagotan zabalik egoteagatik. Horrela islatzen dute nabarmenki azken urteetan auzi honi buruz kontsumitzaileen artean egin diren inkestek. Gainera, merkataritzaren desregulazioak zalantzarik gabe eragiten dituen merkatari txikien pixkanakako desagerpenak eta saltoki handien nagusitzeak produktuen eta zerbitzuen kontzentrazioa eta homogeneizazioa dakartzate, eskaintzaren aniztasunaren murrizpena erosleen dirua gero eta esku gutxiagotara joaten delarik. Merkatari txikien desagerpena gure hiri eta herrietako kaleko giroarentzat ere izugarrizko galera da; kaleak, plazak eta biltoki publikoak hustu, isildu eta goibeldu egiten dira kontsumismoaren, estandarizazioaren eta gizartearen desnaturalizazioaren tenpluak diren merkatalgune handiak galkatzen diren bitartean, giza-harremanak merkatuaren harresien artean bahituz.
Ez da hori EKA/ACUV-ek nahi eta defendatzen duen gizarte eredua. Horregatik behin eta berriz ezezko ozena ematen dio elkarte honek espainiar Estatuko Gobernuak eta Auzitegi Konstituzionalak Euskadin inposatu nahi diguten merkataritzaren liberalizazioari.