EKA/ACUV-ek adineko andere ezgaitu bati bere etxean 1.695 €tan enpresa batek egindako “imantoterapiako” burusi baten salmenta desegin du

Etxez etxe eta prezio izugarritan “mirari produktuak” saltzen dituzten enpresak jo ta ke ari dira biktima errazen bila, gehien bat adineko pertsonak, are gehiago bakarrik bizi badira. Hori da EKA/ACUV-eko A.V.B. bazkidearen kasua, gaitasun ezagatik judizialki ezgaituta dagoen eta Vitoria-Gateizko tutoretzapeko etxebizitza batean bizi den andere zahar bat.

Iazko urriaren 17an Caraf Hogar y Descanso enpresako saltzaile bat agertu zen haren etxean eta “imantoterapiako” Itash izeneko modeloko burusi bat saldu zion 1.695 eurotan. Ondo irakurri duzue: 1.695 euroko burusi bat! Andereak 300 euro ordaindu zituen eskudirutan kontratua sinatzean eta gainontzekoa epeka ordainduko zuen.

Gure bazkidea alaba batek babestuta dago. Alaba amaren tutorea da, haren legezko ordezkaria; amaren ondasunak kudeatzen ditu eta aldizka ondarezko datuak gainbegiratzen ditu. Ikuskapen horietako batean Cofidis finantza entitateak bere amari kobratutako ordainagiri bat aurkitu zuen alabak eta erosketa izugarriaz jabetu zen. Berehala hitz egin zuen Caraf Hogar y Descansorekin eta Cofidisekin bere amaren egoera azaltzeko eta kontratua desegin zezatela eskatzeko. Ez zioten sinetsi, ez zuten inolaz ere atzera egin eta A.V.B.-ren alabak Cofidisen ordainagiriak ez onartzeko agindua eman zion bankuari. Hortik aurrera, Cofidis telefonoz deika eta deika hasi zitzaion gure bazkideari burusiaren epeak ordaintzeko eskatuz.

Amesgaiztoa amaitu zen A.V.B. eta bere alaba EKA/ACUV-era etorri zirenean eta gure abokatuetako batek, bezeroaren gaitasun eza azpimarratuz, Caraf Hogar y Descanso eta Cofidisi deitu zien kontratuaren ezeztapena eta ordaindutako 300 euroen itzulpena exijitzeko, gure bazkideak prezio estratosferikoko “imantoterapiako” burusia enpresari itzuliko ziolakoan ere. Eta horrela gertatu zen amaieran, nahiz eta aurretik Caraf Hogar y Descansok erresistentzia apur bat jarri zuen “anderea oso ondo zegoela zirudiela” argudiatuta.

EKA/ACUV-ek etxera etortzen zaizkigun produktuak erosteko edo zerbitzuak kontratatzeko eskaintzak ez onartzea aholkatzen du, bereziki produktu “terapeutikoen” kasuan. Etxez etxeko salmentak askotan agresibitate komertzialeko dosi handi bat azaltzen du eta kontsumitzaileen kexa eta erreklamazio asko sortzen ditu. Gogoratu behar da, bidenabar, urrutiko salerosketa eta kontratazioetan (etxez etxekoetan eta online egindakoetan) kontsumitzaileak atzera egiteko eskubidea daukala ezer justifikatu beharrik gabe. “Uko egiteko eskubidea” da eta erositakoa jaso edo kontratatutakoa martxan jarri eta hurrengo 14 egun naturaletan gauzatu behar da.

caraf-web-2

Utzi iruzkina